• No se han encontrado resultados

Bakarrik dauden adingabe atzerritarren berariazko egoera

1. 2002 URTEAN EGIN EDO HASITAKO TXOSTEN BEREZIAK ETA AURREKO TXOSTENEI JARRAITZEKO OFIZIOZKO

E. Legebiltzarreko ekimenak eta etorkizuneko perspektibak

1. Bakarrik dauden adingabe atzerritarren berariazko egoera

Bakarrik dauden adingabe atzerritarrak, babesik gabeko adingabeen kolektiboaren barruan, ezaugarri eta behar desberdineko taldea dira. Azkeneko urteetan, Ararteko erakundeak arreta berezia jarri dio kolektibo honi eta, zehazkiago, kolektibo horri lurralde historiko bakoitzean xedatutako berariazko zerbitzuei. Egoera aldatuz joan da urtetik urtera, eta lurraldeen artean alde handiak daude. Azken aldian, Bizkaian ugariak dira halako adingabeak, Gipuzkoan gutxiago eta, gero eta gehiago diren arren, Araban oso gutxi daude. Ez da erraza etorkizunerako aurreikuspenik egitea eta, horien arabera, beharrei aurrea hartu edo behar diren baliabideak programatzea.

Izan ere, adingabe hauen fluxuak (presentzia handiago edo txikiagoko uneak, lurralde batetik bestera joateak...) oso faktore aldakorren araberakoak dira: muga igarotzeko izatezko ahalbideak, atzerritarren gaietako araudia, harrera zerbitzuen egoera Erkidego bakoitzean, ez oso denbora luzean dokumentazioa lortzeko erraztasuna edo zailtasuna... Sarritan, halako faktoreek azaltzen dute zergatik, une jakin batean, lurralde jakin batean, harrera beharrak gehitu ala gutxitzen diren.

Gure Erkidegoan, erakunde arduradunek, ia kasu guztietan, beraientzat beren beregi prestatutako zerbitzuetan hartzea erabaki dute. Jarraian lurralde bakoitzean jasotako informazioa laburbilduko dugu.

A) Arabako Lurralde Historikoa

Beste lurraldeetan ez bezala, Araban kolektibo horrek ez zuen hazkunde nabarmenik izan azkeneko urteetan. Hartara, esaterako, 2001ean guztira 10 adingabe atzerritar artatu zen, eta horietatik 8 zentroan astebete baino gutxiago egon ziren. Ez zen, beraz, beraientzako berariazko zerbitzurik sortzeko beharrik ikusten.

2001ean Arabako Foru Aldundiak Bosco Etxea, Larrialdietako Harrera Gunea ireki zuen, 12 urtetik 18 urtera bitarteko nerabeentzat, eta kolektibo horretan sor litezkeen harrera beharretara ere zabalik. 7 tokirekin hasi zen, 10eraino hedatzeko pentsamenduaz. Arartekoa eta bere erakundeko langileak joan den abenduaren 16an izan ziren bertan. Egun horretan 11 adingabe zegoen zentroan: 7 mutil eta 4 neska.

Zazpi mutilak atzerritarrak ziren (magrebtarrak) eta nesketako bat kolonbiarra zen.

Zentroaren ezaugarri fisikoei dagokienez, funtsean, obran erositako bi pisu bat egin eta berregituratzearen emaitza da eta horri lurraren parean dauden hainbat toki gehitu behar zaizkio, non hainbat zerbitzu erkide dauden (arropa-armairua, jaki-tokia, berogailua, trastelekua). Goiko solairuan antzeko banaketako bi modulu daude (4 logela- biko hiru eta bateko bat-, egongela eta bi bainu gela modu bakoitzean), beste espazio erkide batzuez gain: sukaldea, jaki-tokia, jantokia, egongela eta hezitzaileen bulegoa. Kanpoko sarrera independentea da, eta antzeman genion gabezia bakarra ke igarlerik edo larrialdi sistemarik ez zuela izan zen (su itzalgailuak bazeuzkan).

Zentroa hamar nerabe hartzeko pentsatuta dago, baina azkeneko urteko beharrak ikusita, sarritan hamaika edo hamabi ere izaten dituzte. Datu horiek kontuan hartuta, bakarrik dauden adingabe atzerritarrentzako berariazko zentroa sortu beharraz pentsatzen ari dira. Izan ere, bisita egunean, zentroan hartutako 8ez gain, beste bi adingabe atzerritar zeuden, Hazaldin hartuta.

Kudeaketa ereduari dagokionez, itunpeko zentroa da, 6 hezitzaile (gehi laguntzeko beste bat 10 toki baino gehiago hartuta daudenean), gaueko 4 begirale, txanda bakoitzeko zaindari bat, sukalderako pertsona bat eta garbiketa enpresa bateko langileak ari direlarik. Ohikoena da txanda bakoitzean hezitzaile gizonezko bat eta hezitzaile emakumezko bat egon daitezen bermatzea. Eskari edo proposamen bat egin da talde horretara arabieraz mintzatzen den hezitzaileren bat sartzeko.

Erkidegoko baliabideen eta zerbitzu normalizatuen erabilpenak zabala eta arazorik gabea dirudi: partaidetza herritarren zentroetan (udaleko norbanakoentzako txartelaren bidez), osasun artapena (TISen bidez), eskolatzea Hezkuntza Sailaren bidez... Helburua denak eskola edo lan sisteman sar daitezen lortzea da. Bisitaren egunean Konpentsaziozko Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako zentroetan eta Tailer Eskoletan eskolatutako adingabeak zeuden. Enpresa batean lanean ari zen beste bat ere bazegoen.

Zentroko hezkuntza proiektua eta bizikidetasun proiektua berrikusten ari ziren. Kultura edo erlijio desberdintasunak kontuan hartzen dira otordu, hizkuntzen erabilpeneko irizpideetan, ordutegietan eta halakoetan (esaterako, Ramadan hilean).

Azkeneko hiletako bilakaera aztertuz gero, gero eta etorrera gehiago izateko joera ikusten da, geratzeko asmoz datozenak, batzutan beste toki batzuetatik datozenak (Katalunia, Bizkaia), edo beren jatorrizko herriko pertsonaren batekin datozenak...

Paperik gabekoen adina zehazteko hezur frogei dagokienez, hamar bat egun irauten dute. Berton bizitzeko baimenaren izapideak ahal bezain laster hasten dira, eta baimenak eman arte 3 edo 4 hilabete joaten dira. (Berton bizitzeko izapidetutako 4 baimenetatik ordura arte hiru lortuak zituzten; baita lanerako baimen bat ere).

Azkeneko urteko daturik esanguratsuenak, Arabako Foru Aldundiak emandakoak, honelaxe laburbil ditzakegu:

• Hona hemen urtez urteko datuen bilakaera:

- 1997: 8 adingabe (10 sarrera) - 1998: 7 adingabe (10 sarrera) - 1999: 14 adingabe (17 sarrera) - 2000: 6 adingabe (9 sarrera) - 2001: 10 adingabe (11 sarrera) - 2002: 30 adingabe (31 sarrera) - Denera(1997-2002): 75 adingabe (88 sarrera)

• Sarreren erdia ia (14) urteko azkeneko hiru hiletan izan dira.

• Hartutako adingabeen ezaugarriei dagokienez (adina, jatorria, sexua), hauek dira datuak, laburbilduta:

- Mutilak: 27 ; neskak: 3

- 13-14 urte: 1

- 15-16 urte: 5

- 16-17 urte: 16

- 17-18 urte: 5

- Adinik ez dakigu: 2 - Adinez heldua: 1

- Jatorriak: Marokko (20); Ekuador (2); Aljeria (2); Mauritania (1); Sahara (1);

Nigeria (1); Bolivia (1); Errumania (1); Senegal (1).

• Jendearen egonaldiak oso desberdinak izan dira: egun batetik (8 adingabe), ia urte osoraino. Hilabetetik gora artatuta egon diren adingabeak 11 izan dira.

• Adingabearen Kontseiluak, 2002an, bakarrik zeuden 3 atzerritar adingaberen tutoretza bere gain hartu zuen.

• Sartutako 30 adingabeetatik, 3 adinez nagusi izan arte egon dira. Bi egonaldi osteko jarraipen programara sartu dira.

• 2002ko abenduaren 31n, 8 adingabek hezkuntza programetan sartuta jarraitzen zuten.

B) Bizkaiko Lurralde Historikoa

Iaz bezala, aurten ere bakarrik dauden adingabe atzerritarren arazoa bereziki Bizkaian kontzentratu da. 2001eko igoera ikaragarria (urte betean 59 sarrera izatetik 370 izatera igaro zen) moteldu egin da, baina erakundeen bidez erantzuteko beharrak ez dira jaitsi: 2002an 337 sarrera berri izan dira Zabaloetxe egoitzan (71 berriro sartutakoak izan dira).

Hona hemen urtez urteko datuen bilakaera:

- 1996: 5 adingabe (5 sarrera) - 1997: 12 adingabe (15 sarrera) - 1998: 23 adingabe (23 sarrera) - 1999: 30 adingabe (48 sarrera) - 2000: 52 adingabe (59 sarrera) - 2001: 349 adingabe (370 sarrera) - 2002: 266 adingabe (337 sarrera) - Denera (1996-2002): 737 adingabe (858 sarrera)

Bizkaiko Foru Aldundiak Urdulizen hirugarren zentro bat zabaltzeko ahalegin hutseginaren ostean –proiektuak herritarren aurkako erantzuna piztu zuen-, harrera beharren erantzuna lehendik zeuden bi zentrotara bideratu da (Zabaloetxe Loiun, eta Gabriel Mª de Ibarra Urduñan), eta buru jabetzen laguntzeko zenbait pisu abian jarri edo aprobetxatzera.

Loiuko zentroa hasierako harrera gune gisa ari da eta, beraz, mugimendu handia dago (sarrera asko eta aldegite asko). Urduñako zentroaren errealitatea, berriz, askoz ere egonkorragoa da. Hemen artatutako herritarrak dauden 30 tokien inguruan

mantentzen dira beti. Uzteak adinez nagusi izatera heltzen direnean gertatzen dira (5 kasu 2002an), ihes egiten dutelako (6 kasu), edo barnerapeneko neurri judizial bat betetzeagatik (beste 6 kasu). Sarrerak, normalean, Loiutik etortzen dira, leku aldaketen ondorioz (15 adingabe 2002an), eta pare bat kasutan, erreforma zentroetatik etorri dira.

Hona hemen Loiun 2002an zehar izandako datuen bilakaeraren laburpena:

HILA SARRERAK UZTEAK HILEAN GUZTIRA

ARTATUAK HILAREN AZKENEAN

2001-12-31n 97

URTARRILA 49 67 146 79

OTSAILA 31 35 110 75

MARTXOA 28 27 103 76

APIRILA 22 22 98 76

MAIATZA 20 28 96 68

EKAINA 19 23 87 64

UZTAILA 21 26 85 59

ABUZTUA 27 20 86 66

IRAILA 29 23 95 72

URRIA 41 45 113 68

AZAROA 26 27 94 67

ABENDUA 24 20 91 71

GUZTIRA 337 363 1.204 938

HILEAN BATEZ BESTE 28 30 100 72

(Iturria: 2002ko Memoria, Zabaloetxe egoitza)

Urduñako Zentroko azkeneko urteko datuei dagokienez, 17 berri sartu ziren, 16k utzi zuten, hileko egonaldiak 351 izan ziren eta hilean artatutako adingabeak, batez beste, 29 baino gehixeago izan ziren.

Erakunde honek hainbat urte darama egoeraren jarraipen xehatua egiten. Jarraipena zentroen baldintza fisikoetara, hezkuntza proiektuetara, jarduera protokoloetara, administrazioko egoeren erregularizatzeari dagokionez lortutako emaitzetara (dokumentazioa), tutoretzaren ariketara, baliabide erkideen aprobetxamendura (hezkuntza, osasun, kirol, lanbide hastapen eta abarretakoak), kultura desberdinen errespetura, buru jabetza eta laneratze aukeretara... bideratu da. Horren guztiaren berri lehenagoko txostenetan eman da (cfr., esaterako, “Bakarrik dauden adingabe atzerritarrak. Bizkaiko Lurralde Historikoa”, 2001eko Txosteneko 1.1.5 atalean).

Azkeneko urtean, Arartekoak kontu honetan izandako esku hartzea, Bizkaiko Lurralde Historikoan, ondokoetan oinarritu da:

- Loiu eta Urduñako harrera zentroak bisitatzea.

- Adingabe lege urratzaileentzako barnerapen zentroetarako bisitak.

- Hainbat ertzain etxetarako bisitak.

- Azkeneko urteko dokumentazio eta datuen analisia.

- Aldioroko harremanak zentroetako zuzendariekin, erakundeetako arduradunekin eta atzerritarrei laguntzeko elkarteekin.

Batzutan, gero ikusiko den bezala, ikusitako egoerek edo jasotako datuek Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailean edo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean ofizioz jardutera eraman gaituzte.

Burututako jardueretatik eta ateratarako informazioetatik ondoko elementuak azpimarratuko genituzke:

- Bizkaiko Foru Aldundiak adingabe horientzako erakundeen erantzuna emateko baliabideak mantendu ditu. Hona hemen baliabide horiek zertan zehazten diren:

• Zabaloetxe zentroa, Terciarios Capuchinos-ek kudeatuta, zentroan bertan 54 adingabe hartu, prestatu eta gizarteratzeko, eta besteren batzuk buru jabetza prozesu edo baliabideetan sartuta edukitzeko.

• Urduñako Gabriel M ª Ibarra zentroaren erabilpena, halako ezaugarrietako 30 gazte hartzeko modukoa.

• Lankidetza Ituna Etorkin Magrebtarren AZRAF Elkartearekin.

• Buru jabetzeko baliabideak bultzatzea, 18 urte betetzen dituztenentzat (2002 urtean 11 gazte tutoretzapeko pisuetan eta 23 gazte alokairuko pisuetan).

- Hona hemen hartutako adingabeen ezaugarriak –adin eta jatorriak-, laburbilduta:

• Sartzean adingabeek adierazitako adina, batez beste, 16 urtekoa izan da. 12 urtetik 17ra bitartean egoten da, eta gehienak 16 edo 17 urte dauzkatela diotenak dira.

• Kasu askotan, esandako adina ez dator ondoren hezur edo dokumentu frogen bidez egiaztatu ahal izaten denarekin bat. Esandakoa gutxixeago izaten da. 2002 urtean egiaztatutako adinen batez bestekoa 16 urte eta 6 hilabetekoa izan da.

• 2001eko egiaztapenen arabera, hartutakoen %43 adinez nagusiak ziren.

Azkeneko urtean portzentaje hori %20raino jaitsi da.

• Azkeneko urtean 8 herrialde desberdinetatik zetozen adingabeak hartu dira.

Gehien-gehienak (266tik gutxienez 241) Marokkotik datoz, aurreko urteetan bezala, eta ia erdia Tangerretik dator.

• Hona hemen gazte horien jatorrizko lurraldeak: Aljeria (13), Bielorrusia (1), Ginea Bissau (1), Marokko (241), Moldavia (1), Palestina (7), Errumania (1), Sri Lanka (1).

- Harrera zentroko egonaldiaren arabera –datu gakoa tutoretza, dokumentazio, prestakuntza edo laneratze kontuetan iristeko moduko xedeak baloratzeko orduan, Zabaloetxe egoitzan azkeneko urtean izandako sarrerak hauxe adierazten dute:

• 104 adingabek zentroak 1 egunetik 6ra arte eman dutela.

• 75 adingabek, 7 egunetik 30era.

• 49 adingabek, 31 egunetik 90era.

• 38 adingabek, hiru hilabetetik gora.

Aurreko urtearen aldean, sarrera berrien batez besteko egonaldia nabarmen jaitsi da.

Urduñako zentroa urtean zehar utzi dutenen adingabeen batez besteko egonaldia, ordea, ia hamaika hilabetekoa izan zen. Urte amaieran, adingabeen ia erdiak (14) zentroan 2001ean hasi zenetik zeramaten (hau da, 18 hilabete).

Komeni da esatea, kasu askotan, adingabe hauek antzeko beste harrera zentro batzuetan ere egon direla (Andaluzian, Katalunian, Madrilen...) Bizkaira etorri baino lehen.

- Bizkaiko zerbitzuetan azkeneko urtean hartutako kolektiboaren ezaugarrien artean, ondoko hazpegiak nabarmentzen dira:

• Nerabe adingabeak, 14 urtetik 17ra bitartean, bakarrik dauden atzerritarrak, paperik eta etxerik gabeak: %78.

• Gazteak, 18 urtetik 24ra bitartean, adingabe gisa pasatzen direnak: %22.

• Familiaren erabateko babes gabezia, askok familiarekin urruneko harremanak izan arren.

• Ingurunea ia bat ere ez ezagutzea.

• Jatorri desberdinak, baina marokkoar proportzio handia (10etik gutxienez 9), eta afrikarrak ia guztiak (%96).

• Beren herrialdeetatik modu desberdinetan ihes egin dutenak.

• Sartzen direnean beren familia eta pertsona mailako egoera ez ezagutzea.

• Hizkuntza ez jakitea, askotan.

• Kultura balio desberdinak eta sarritan irrealak diren igurikapenak.

• Dokumentaziorik ez, eta sarritan, mesfidantza eta datuak ezkutatzea.

• Prestakuntza gutxi eta oinarrizko ikasketen beharra.

• Zenbaitetan, jokabide arazotsu eta giza harremanen aurkakoak.

Ezaugarri horiek dira zer artapen behar duten zehazten dutenak: babesa, prestakuntza, dokumentazioa izapidetzea, gizarte trebeziak garatzea, inguruneko baliabideak ezagutzea, jatorrizko familiarekin harremanetan jartzea, laneratzeko ikaskuntza eta esperientziak...

- Zenbait datu hartutako babes neurrien edo adingabeok gizarteratzeko iritsitako lorpenen adierazle gisa har daitezke. Hartara, azkeneko urtean, Zabaloetxen hartutako adingabeei dagokienez:

• Hamar adingabekotik bederatzirengan tutoretza egin da.

• 30 gaztek lan baimena lortu dute: 6k erregularizatze prozesuaren bidez, 16k errotze prozesuaren bidez eta 8k ez-ohiko arrazoiengatik.

• 45 gaztek lan esperientziaren bat izan dute, eta horietatik 41ek lanean segitzen dute.

• 122k lan aurreko prestakuntzako jarduera desberdinetan parte hartu dute (ikastaroak eta praktika aldiak).

• 34 gazte harrera saretik irten dira, tutoretzapeko pisuetara (11) zein alokairuko pisuetara (23).

Urduñan hartutako adingabeei dagokienez, azkeneko urtean:

• Berton bizitzeko 10 baimen eskatu ziren, 4 izapidetzea eta 12 berritzea lortu zen;

• 32 gaztek lanbide hastapeneko ikastaroak egin dituzte, 1ek konpentsazio hezkuntzakoak eta 7k alfabetatzekoak (EPA);

• 4 lan baimen lortu direnez, 4 gazte laneratzea lortu da;

• 3 gazte tutoretzapeko pisuetara joan dira eta 1 alokairuko pisu batera.

Zentroetako baten urteko memorian jasotzen den bezala, gizarte eta lan mailako integrazioa “lan prozesuaren azkeneko fasea da baina sarritan ondo burutzen zailena ere bai, sortzen diren zailtasunen eta denbora premiaren ondorioz.

Adingabeen lanaren eta ahaleginaren benetako helburua da, eta kasu askotan ez da erabat amaitzera heltzen, oztopo ugari sortzen direlako, eta prozesuaren arrakasta ziurta dezaten baliabideak urriak direlako.”

- Lege aldeko egoeraren eta dokumentazio prozesu eta lorpenaren gainean, gehiengoarentzat (Zabaloetxen hartutakoak), azkeneko bi urteetako datuen konparazioak azkeneko urtea nabarmen okerragoa izan dela erakusten du, bereziki berton bizitzeko baimenen eskariei dagokienez:

- Lan baimenak: 17 2001ean; 30 2002an.

- Berton bizitzeko baimenak: 29 2001ean; 55 2002an.

- Berton bizitzeko baimen eskariak: 193 2001ean; 24 2002an.

- Pasaporteak: 224 2001ean; 36 2002an.

- Pasaporte eskariak: 15 2001ean; 31 2002an.

Laburpen orokor gisa, esan daiteke 2002 urtean adingabe eta gazte papergabeen proportzioa %56koa izan dela (138 adingabe), 2001ean izandako %77,36en aldean (270 paperdun), eta datu horrek egoera legeztatzeko ondorengo izapideak baldintzatzen ditu.

Bestalde, azkeneko urtean izapidetutako berton bizitzeko baimenen 24 eskarietatik 8 baino ez dira lortu. Eta izapidetu diren 31 pasaporte eskarietatik 17 lortu dira.

Gai honi geroago berriro helduko diogu.

- Loiuko zentrora (Zabaloetxe) abenduaren 11n joan ginen, eta Urduñakora (Gabriel Mª de Ibarra) biharamunean. Bi zentroak beren ahalbideen mugaraino erabiltzen ari ziren: 30 toki Urduñan eta itunpeko 54 toki Loiun. Horri buru jabetzeko pisuetako tokiak gehitu behar zaizkio. Guztiak mutilentzat (neskarik bat ere ez).

Taldeen egitura eta zentroen barruko antolamendua funtsean berdin mantentzen zen: txanda desberdinetan hezitzaile magrebtarrak sartuak ziren, Urduñako zentroaren zuzendaritzan aldaketaren bat izan zen, aurreko zuzendaria hil zelako.

Behin datu guztiak aztertu ondoren (instalazioen egoera, langilerien egoera, zentroek eskariei erantzuteko ahalmena, esku hartzeko irizpideak, beste instantzia batzuekiko koordinaketa, dokumentazioen izapideak; buru jabetzeko aukerak, gatazka egoerak...), esan dezakegu ikusi ditugun arazo nagusiak hauek direla:

1. Bizkaiko Foru Aldundiak adingabeen dokumentazioaren izapideetarako ezarritako irizpidea eta bere ondorio larri ezkorrak.

Aurreko urteetan ez bezala, zeinetan berton bizitzeko baimenaren izapidea zentroak berak eta ahal zen bezain laster egiten baitzuten, 2002an Bizkaiko Foru Aldundiak izapideak adingabea hartu eta 9 hilabete beranduagora arte ez hasteko irizpidea ezarri zuen, eta zerbitzua zentroekin zerikusirik ez zeukan elkarte bati kontratatu zion.

Irizpide aldaketa otsail aldera izan zen, eta horren berri zabaltzean, iturri guztien arabera, harrera eskariak eta egonaldiak nabarmen jaitsi ziren. izan ere, 2002ko otsailetik azarora bitartean, irizpidea eta prozedura aldatu zirenez, ez zen berton bizitzeko baimen bat ere izapidetu. Haurren Zerbitzuak zentroetara bidalitako idatzian honelaxe dio:

“Adingabea Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuetan jarri denetik 9 hilabetera, behin jatorrizko bere familiarengana itzultzen saiatu ondoren, halakorik lortu ez bada, 4/2000 Lege Organikoaren 35.4 artikuluak hizpide duen berton bizitzeko baimena izapidetzeari ekingo zaio, Gizarte Ekintzako Foru Diputatuaren Aginduaren bidez.”

Elkarrizketatutako profesionalen iritziz, irizpide aldaketa horrek azkeneko urteko lan guztia eta igurikapenak baldintzatu ditu. Ondorio txarren artean (baimenak lortzeko ageriko atzerapenaz gain), beste hauek ere aipatzen dira:

- adingabeek motibazioa galtzea eta motibazioa hezitzaileen esku hartzeko elementu gisa baliatu ezina;

- beste toki batzuetara ihes egitea, edo delinkuentzia egoeretara igarotzea;

- kontraesana babes zein erreformako beste zerbitzu batzuetan erabilitako irizpideekin (horrek zerbitzuen arteko lekualdaketak eragiten ditu);

- atzerapena buru jabetzako prozesuetan (lan eskaintza zehatzak izan arren, baimenak lortzeko atzerapenaren ondorioz onartu ezin dituzten adingabeak).

- taldeen barruko bizikidetasuna eta ingurunearekiko harremanak hondatzea...

Gai honen gainean, bi zentroetara eta erreformako beste zentro batzeutara egindako bisiten ondoren, Arartekoak, duen garrantziaz jabetuta, 2003ko urtarrilean Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailean ofiziozko espedientea hasi du, non erabilitako irizpidearen aurka dagoela adierazten duen eta informazio eta datu gehiago eskatzen duen. Txosten hau ixteko orduan oraindik ez dugu inolako erantzunik jaso.

2. Hezkuntza Administrazioak ere ez du behar beste laguntzen adingabe hauek eskolatzeko arazoak ondo konpondu ahal izateko.

Iaz, jada, Urduñako zentrora egindako bisita baten ondoren, erakunde honek ofiziozko espediente bat abiatu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarentzat.

Sailak 2001eko urriaren 15ean erantzun zigunarekin, pentsarazi zigun igarritako arazoak konponduta zeudela. Ez zen, ordea, horrela eta, gainera, arazo batzuk larriagotu ere egin ziren.

Egiaz, alde honetan izandako bilakaera ona izan da, harrera zentroetako zuzendaritzek eta hezitzaile taldeek hartutako adingabe asko eskolatzea lortu dute, baina ahalegin handia eginez, eta eskolekin harreman zuzenean egonez.

batzuetan gertuen dauden ikastegiekin, beste batzuetan urrunago egon arren adingabe hauen beharrei erantzuteko prest dauden edo programa egokiagoak dituzten zentroetan.

Hartara, esaterako, azaroan, Zabaloetxen hartutako 76 adingabe atzerritarrek eskola erantzunen bat izana zuten: 27k harrera zentroan bertan, bertoko baliabideekin edo eskola sistemaz kanpoko irakasleak zuzenean kontratatuta;

49 ikastegi (gehienetan CIP) eta herri desberdinetan: Portugalete, Erandio, Santutxu, Errekalde, Urtuella, Mungia, Trapagara, Larrondo, Leioa, Ollargan, Amurrio, Arrigorriaga...

Urduñan hartutako adingabeen kasuan, geografiaren ikuspegia kontuan hartuta, hezkuntzarako erantzuna Bizkaian zein Araban bilatzen da (Laudion eta Amurrion).

Baina jasotako informazioen arabera:

- Oraindik ere arazoak daude Administrazioarekin edo hezkuntza zerbitzuekin hitz egiteko orduan (Ordezkaritza, Ikuskaritza, Berritzeguneak).

- Hizkuntza ikasteko hasierako beharrei ez zaie erakundeetatik erantzuten.

- Administrazioak ukatu egin ditu gertuko ikastegiak erabiltzeko edo horietan berariazko baliabideren bat sortzeko proposamen batzuk.

- Hezkuntza Sailaren mendekoa den eta tradizioz Zabaloetxera adingabe ez- atzerritarrei eskolak ematera joan izan diren irakasleak ez ziren izendatu, edo gutxienez ez ziren zentroan abenduaren 9ra arte agertu.

Gai horiek guztiak planteatu zaizkio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, 2003ko urtarrilaren 17ko ofiziozko espediente berrian, eta txosten hau idazten ari garenean sailaren erantzunaren zain gaude.

3. Babes sistemaren eta erreforma sistemaren arteko lotura.

Kezkagarria da babesteko hartutako adingabeetatik barnerapen zentroetan amaitzen dutenak hainbeste izatea, bereziki bakarrik dauden adingabe atzerritarren kasuan (txosten honetan, 1.1.6 atalean zenbait datu ikus daiteke).

Zenbakizko datuaz aparte, berez babes sistemak zerbait huts egiten ari delako zantzua izan daitekeena, zentro desberdinetara egindako bisitetan beste arazo batzuk ere ikusi ahal izan ditugu, zerbitzuen arteko koordinaketan, sistema batetik bestera igarotzean hezkuntzako esku hartzeetan jarraitasunik ezean, neurria amaitzean alternatibarik ez edukitzean (buru jabetzarako bitartekoak), edo dokumentazioak izapidetzean (atzerapenak, dokumentazioa iraungita, irizpideak bat ez etortzea dokumentuen izapideetan....). Lau arazo horiek neurri handiago edo txikiagoan ageri ohi dira zerbitzu guztietan.

Txosten hau idazteko orduan, Ararteko erakundea ofiziozko jarduerak abiatzeaz edo erakunde arduradunei gomendioren bat egiteaz pentsatzen ari da: hiru Foru Aldundietako Gizarte Ekintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailari.

4. Baliabide mugatuak daude (bereziki egoitzetan), adingabe hauek buru jabetzeko prozesuak sustatzeko.

Babesteko edozein esku hartzeren amaierako helburuak autonomia lortzea izan behar du, gizarteratze normalizatua iristea. Helburu hori lortzeko, sarritan, batez ere egoera bereziki ahuletan, buru jabetzara arian-arian heltzeko prozesua behar izaten da. Prozesu hori lortzeko berariazko baliabide mugatuak izatea da, antza, gure sistemaren defizitetako bat, gure txosten askotan behin eta berriro seinalatu izan duguna.

Eskuartean daukagun kasuan, 2002aren amaieran, erabilitako baliabideak, funtsean, tutoretzapeko pisuak eta alokairuko pisuak ziren. Ordura arte, lehenago harrera zentroan artatutako adingabe edo gazte atzerritarretatik gutxienez 34 pisuetara joanak ziren bizitzera, autonomia handiago ala txikiagoz: zenbait kasutan (23), alokairuzko pisuetara, zentroak zuzenean kudeatuta eta zentroko hezitzaileen jarraipenarekin; beste batzutan (11 gazte), elkarte edo erakunde desberdinek (Goiztiri, Elkarbanatuz, Gurutze Gorria y Cáritas) kudeatutako pisuetara. Hiru kasutan familiekin bizitzera joanak ziren.

Bide horiez egiten den balorazioa, oro har, oso ona da. Hala ere, dauden baliabideei gutxiegi irizten zaie dauden beharrei erantzuteko. Are gehiago baimenak lortzeko atzerapenaren ondorioz, nahikoa prestakuntza ona eta enplegu eskaintza sendoak dauzkaten pertsonak, lan egin lezaketenak eta diru aldetik erabat autonomo izan litezkeenak, ezin dituzte kontratatu, eta gizarteratzeko dituzten benetako aukerak baldintzatuta geratzen dira.

5. Hezur frogetako atzerapenen ondoriozko arazoak.

Egun, hezur frogen emaitzak zentroan sartu eta 15 edo 20 egunetara jakiten diren. Emaitzak gaztea adinez nagusia dela adierazten badu, zentrotik bota egin behar da, eta horrek tentsioak eta auziak sortzen ditu. Onena litzateke frogak zentroan sartu aurretik egin ahal izatea edo bestela, oso tarte laburrean.

Bestalde, azkeneko urteetan frogetatik ateratako emaitzei dagokienez, zenbait kasutan emaitzak adinez nagusiak direla esan eta, eskatutako dokumentazioa heltzean, adingabea dela ikustea gertatu izan da, eta horrek erabakiak hartzea zailago egiten du (hartzea – botatzea - berriro hartzea).

Ikusi edo jaso ditugun beste arazo batzuek ondoko gaiei buruzkoak dira:

- Atzerapenak osasun txartelak eskuratzeko (6 hilabete ere) eta zailtasunak zenbait izapide egin ahal izateko exijitzen diren egiaztagiri medikoak lortzeko.

- Erreparoak edo tentsio egoerak berehalako inguruneko pertsonekin.

- Zabaloetxeko instalazioan eragindako sutearen eta izandako erasoaldiaren Ertzaintzaren ikerketa gelditzea edo emaitzarik ez lortzea.

- Urduñako zentroan apropos apurtutakoak eta instalazioen egoera.

- Aldaketak sarri (gaixo egoera, uzte edo ordezkapenengatik) hezitzaileen taldeetan, eta langile gehiago sartzeko eskariak.

- Informatizatzeko beharrak, eta garraio beharrak...

- Zabaloetxe egoitzak egindako 2002ko memoriak, bertatik hartu ditugu aurreko datu asko eta asko, azkeneko atalean hemen jorratutako gaietako askoren gaineko hainbat ondorio bildu ditu: dokumentazioa, hizkuntza ikastea, laneratzea, etxebizitza partekatuetara sartu ahal izatea, ingurunean txertatzea, harrera epearen osteko jarraipenak... Gai horietako bakoitzaren gainean eskaini eta aztertzen ditu urteko datuak, bai lorpenak bai arazoak, eta konpondu edo hobetzeko balizko bideak iradokitzen ditu. Datu eta proposamen horietako batzuk berriro jorratu dira, arestiko lerroetan, Gabriel Mª de Ibarra zentroak prestatutako memorian jasotako beste hainbat datu eta proposamen bezala.