Garraioak
13. LANA ETA GIZARTE SEGURANTZA
Alderdi horiek zehatz-mehatz azaltzen zirenez, hura jarduera irregular edo ezegoki baten aurrean ez gaudela pentsarazi zigun. Hala ere, informazio hori interesdunei he- larazi genienean, aipatu genuen komenigarria zela antolatzaileek eskura jarri zituzten elkarrizketa-bideez baliatzea –Berrikuntza eta Ekonomi Sustapen Sailaren erantzunean berariaz aipatua–, izan zitzaketen bidezko desadostasunen arrazoiak azaltze aldera.
Azalpen horietatik, lanbidea eta familiako bizitza bateratzearen ingurukoek emaku- mea laneratzearen esparruan erakunde guztiek hartutako konpromisoa nabarmentzen zuten. Hala ere, onartu zuen industriaren munduko errealitateak ez ziela uzten kulturalki elkarrengandik oso urrun dauden kontzeptuak nahi beste aplikatzen, horixe izanik, hain zuzen ere, Emakintza bezalako programak egitearen arrazoietako bat.
Aurreikuspen fondoetako inbertsioei buruzko informazioarekin erlazionatutako zenbait alderdik ere kexa eragin zuten.
Pertsona batek adierazi zuen ez zegoela ados Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren aurka egin zuen salaketa aztertzeko moduarekin. Salaketan, banku batek bo- rondatezko gizarte aurreikuspeneko fondoetako inbertsioan izan zuen jarduna aipatu zen. Kexan ezer egin ez zela adierazi arren, kexaren arrazoi nagusia izan zen ez ziotela jakinarazi zer arrisku zekarren berekin inbertsioak.
Gure informazio eskaerari erantzunez, adierazi ziguten zenbait jarduera burutu zi- tuztela finantza-erakundearekin salaketaren arrazoia egiaztatze aldera. Arauan jasotakoa ikusita egin zitezkeen egiaztapenak egin zirela ikusi genuen (25/1983 Legea, urriaren 27koa, borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeei buruzkoa).
Bere zalantza nagusia zen ea finantza-erakundeak jarraibideekin bat etorriz jardun zuen. Hortaz, arazoa froga-elementuen pean zegoen, baina, antza, kasu honetan ez zegoen halakorik eta halaxe adierazi genion interesdunari ere.
Atxikipen kontratuetarako orduan indarrean zeuden baldintzetan (hauek ez zituzten aipatzen funtsezko alderdiak, esaterako, arriskuari buruzkoa), bazegoen egoera hobe- tzerik, adibidez, informazio hobea bermatzeko borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeek bete beharko lituzketen eskakizunei dagokienez.
Horren inguruko informazioa eskatu genuen eta Justizia, Lan eta Gizarte Segu- rantza Sailak adierazi zigun, informaziorik ez zegoela jabeturik, jada araua aldatzen ari zirela; horrela, besteak beste, kexa eragin duen arrisku ehunekoari buruzko alderdiaren modukoak barneratuko lirateke kontratuetan. Egokitzapen hori borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeen jarduera jakin batzuk arautzen dituen maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren bidez egin zen.
Azkenik, atal honetan, itxuraz osasunaren arloari dagokion baina, hala ere, arlo honetan kokatu behar dugun kontu bat aipatu behar dugu (prestazio ortoprotesikoa:
gurpil aulkia). Horren arabera, pertsonak gurpil aulkia erabiltzen zuen eta horren era- bilera berritzeaz Osasun Saila arduratzen zen.
Osasun administrazio horrek uko egin zionez, interesdunak Gizarte Gaietarako ministerioko Zuzendaritza Probintzialera jo zuen, bertara jotzeko esan baitzioten, premia hori inoiz zalantzan jarri ez zen laneko istripuaren ondorioa izan zelako. Bertan esan ziotenez, prestazio horren aurrekaria laneko istripua izan arren, hori ordaintzea Osasun Sailari zegokion. Erabaki hori honakoetan oinarrituta eman zuten: Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 30/2005 Legearen berrogeita hemeretzigarren
xedapen gehigarrian, eta Lan eta Gizarte Gaietarako ministerioaren urtarrilaren 26ko 131/2006 Aginduan (honen bidez, autonomia-erkidegoen esku utzi da osasun lagun- tzako prestazioari dagokion zenbatekoa, nazioarteko araudiaren babesean, baita laneko gertakizunen ondorioz jasotako osasun laguntzagatik Osasun Zerbitzu Publikoei ordaindu beharreko kostua ere.
Osasun Sailaren erantzuna zela-eta, ikusi genuen, ebazpenaren arabera, ordainketa egitera behartuta zegoen beste hirugarren bat zegoela.
Pertsonei zuzenean emandako prestazioen gastuak hirugarren bati jasanarazteko aukera osasun prestazioei buruzko 130/2006 Errege Dekretuan dago aurreikusita.
Errege Dekretu horren IX. eranskina aztertu genuen, hirugarrenek ere ordaindu behar duten osasun laguntzari buruzkoa, eta, hasiera batean, ez genuen inolako daturik ikusi ukoa eragin zuen kasuari manu hori aplika zekiokeela pentsatzeko (manu hori egindako prestazioen ondorengo erreklamazioei buruzkoa da). Kasu honetan ez zen prestaziorik egin, kexatzeko arrazoia, hain zuzen ere, prestazioa ukatu zitzaiola izan baitzen.
Abenduaren 29ko 30/2005 Legeak egiten dituen aurreikuspenek ez dute zalan- tzan jartzen ordainketa egitera behartuta dagoenaren (hots, Estatuko Administrazioaren) erantzukizuna. Bestalde, uste dugu ez direla aplikagarri 130/2006 Errege Dekretuaren aurreikuspenak, ez baita hirugarren horri jasanarazi ahal zaion inolako prestaziorik egon (dekretu horrek, prestazioen lehengo katalogoaren ildo beretik, zuzenean pertsonei ema- ten zaizkien prestazioen ordainketa hirugarrenei eska dakiekeela aurreikusten du).
Jakina, gerta daiteke argi ez egotea edo eztabaidagarria izatea Estatuko Adminis- trazioak autonomia-erkidegoei ezarri dien betebeharra; horren arabera, eurek aurreratu behar dute berez Lan eta Gizarte Gaietarako ministerioak ematen duen prestazioa ordaintzeko zenbatekoa.
Hala ere, arau horrek berak dio autonomia-erkidegoek gastua berreskuratuko dutela. Hortaz, Osasun Sailean egindako gure jardueraren helburua interesdunaren eskubidea gauzatu ahal izatea izan zen, ez baitzen inoiz zalantzan jarri botere publikoen aurrean jarduteko duen eskubidea.
Eskatu zuen prestaziorako eskubidea zalantzan jarri gabe, ezta hori ordaintzeaz arduratu behar zuen administrazioa zein zen ere, pertsona horrek ezin zuen prestazio hori eskuratu. Bestalde, kexaren xede den erabakiari dagokionez, Osasun Sailaren erabaki eremua gainditzen duen gaia izan daiteke.
Horregatik, Osasun Sailaren erantzuna ikusita, alegia, ez zuela gure iradokizuna onartzen, iruditu zitzaigun Ararteko erakundeak ildo horretatik esku hartzeko zituen aukerak agortu zirela eta, hala, kexaren berri Estatuko Herriaren Defendatzaileari eman genion, horri baitagokio Estatuko Administrazioaren aurrean jardutea. Espediente hau amaitutakoan, ez dute inolako informaziorik horren jardueren emaitzei buruz.
Hirigintzako diziplinaren alorrean, udal administrazioek jardueren kontrolean eta hirigintzako antolamenduak arautzen dituen egintzen kontrolean esku hartzeko eskumena dute, hirigintzako ikuskapenak eginda eta hirigintzako lizentziak emanda.
Horren ildotik, agintariek eta funtzionarioek ezin diote uko egin hirigintzako diziplinako ahalmenez baliatzeari, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak ezartzen duenaren arabera.
Hirigintzako diziplina eta ikuskatzeko ahala udal plangintza eta hirigintzako le- gezkotasuna zorrotz betetzearekin lotuta daude ezinbestean. Partikularrek jardun ez arren, horrek ez du kaltetu behar hirigintzako legezkotasuna defendatzeko funtzio publiko hori.
Horregatik, arlo honetan aurkeztutako salaketak izapidetzeko betebeharrak eta hirigintzako legezkotasuna berreskuratzeko bidezko neurriak hartzeko betebeharrak salatzailearen eta salatuaren artean egon daitezkeen gorabeheretatik kanpo egon behar dute.
Horri haritik bidali diogu Zornotzako Udalari abuztuaren 23ko ebazpena45. Udal horrek ez dio gure planteamenduari inolako erantzunik eman eta, beraz, gure gomendioa ez onartutzat jo dugu.
Antzeko kontuei helduz bidali diogu Zeanuriko Udalari abuztuaren 23ko ebazpena46. Administrazio horrek soil-soilik jakinarazi digu ez duela espedientea izapidetzen jarraitu, jardueraren sustatzaileak animaliak zaintzeko erabilera aldi baterako baino ez dela adierazi duelako. Aipaturiko erantzuna ikusi ondoren, erakunde honek jakinarazi dio gure ustez ez direla aipaturiko gomendioaren baldintzak bete.
Bestalde, bi kasu ekarri behar ditugu ahotara. Horietan, kexek zalantzan jarri zuten indarrean zegoen aplikatutako plangintza, hori aplikatzeko interpretazioarekin bat ez zetorrelako nahiz plana egokitzat jotzen ez zelako.
Horrela, Lekeitioko plataforma batek gure esku-hartzea eskatu zuen, Udalak ez baitzion erantzun hiri lurzoru urbanizaezinean kokatutako eraikin bat berritu eta berriztatzeko lizentzia baten babesean egiten ari ziren obra batzuk gelditzeko haien eskaerari, beren ustez, emandako baimena legez kontrakoa zelako. Arartekoak, bere esku-hartzeari amaiera emanez, Lekeitioko Udalari gomendatu zion eraikina berrizta- tzeko emandako hirigintzako lizentzia berrikus zezala, ez baitzetorren bat indarreko udal plangintzarekin. Eraikina bizitegitarako zen, lurzoru urbanizaezinean kokatuta zegoen, hirigunearen babeseko zonan, ordenazioz kanpo zegoen eta erabilera bateraezina zuen (kategoria honetan sistema orokorrekin eta horiek mantentzekoekin lotuak dauden eraikinak bakarrik onartzen ziren). Soilik higienerako, kontserbaziorako eta higiezina apaintzeko behar ziren konponketa txikiak baimenduko ziren. Hirigintzako baimena eraikina berritzeko eta finkatzeko lanak burutzeko eman zenez, baimendutako obrek indarrean zegoen plangintzak Arau Subsidiarioetan ezarritakoekin bateragarriak ez diren erabilerak dituzten eraikinentzat onartzen zituen lanak gainditzen zituzten. (apirilaren 2ko ebazpena47). Ez zen gomendioa onartu.
45 Arartekoaren ebazpena, 2007ko abuztuaren 23koa; horren bidez, Zornotzako Udalari gomendatzen zaio udalerriko auzokide batzuek salatu dituzten jarduera eztabaidagarriak legeztatzeko espedientea has dezala.
46 Arartekoaren ebazpena, 2007ko abuztuaren 23koa; horren bidez, Zeanuriko Udalari gomendatzen zaio jarrai dezala bertako auzo batean ganaduaren estabulazio jarduera legeztatzeko espedientea izapidetzen.
47 Arartekoaren ebazpena, 2007ko apirilaren 2koa; horren bidez, Lekeitioko Udalari gomendatzen zaio lurzoru urbanizaezinean dagoen eraikin bat berritzeko emandako hirigintzako lizentzia berrikus dezala.
Era berean, pertsona batek kexa aurkeztu zuen, Bilboko Udalak ez ziolako min tzalekua jartzeko baimena eman nahi izan, debekatutako jarduera zelako, Bilbo Zaharraren Barne Eraberrikuntza eta Birgaikuntzarako Egitamu Bereziaren (PERRI) eta Uri Zaharraren Berregokipenerako Egitamu Bereziaren (PER) arabera. Kexa ho- nen baitan, aurreko paragrafoan jasotako plan bereziak aldatzeko espedienteak aztertu genituen eta adierazitako debekua behar bezala arrazoituta ez zegoela ikusi ahal izan genuen. Aldaketa justifikatzen duen proposamenean adierazi zenez, lehia librea indarrean dagoen merkatu liberalizatu batean gaude eta jarduera esparru horren barruan sartzen zen; beraz, Konstituzioaren 38. artikuluaren bidez bermatutako enpresaren askatasunari jarritako mugek eskumeneko administrazioak emandako justifikazio arrazoitua eskatzen dute. Enpresa-askatasuna guztiz bateragarria da udal plangintza desberdinek ezarri ohi dituzten administrazio kontrol eta mugekin. Hala ere, argitu beharreko kontua ez zen mintzaleku gehiago edo gutxiago zegoen (debekua “bidezkoa dena baino mintzaleku telefoniko gehiago” zeudelako egin zen, eta, orobat, establezimendu horietako batzuk legez kontrako beste jarduera batzuei lotuta egon zitezkeelako) edo jarritako salaketak estaldura nahikoa duen; aitzitik, aztertu nahi dena da ea interes publikoko arrazoirik badagoen udal administrazioak establezimendu mota hau ezartzea ahalbidetzen duen enpresa-askatasuna mugatzeko. Espedientean debekuaren arrazoiak egiaztatu ez zire- nez, jakinarazi zitzaizkizun arrazoibideei jarraiki, Bilboko Udalari gomendatu genion baliorik gabe utz zezala eragindako eremuetan telefono mintzalekuak jartzeko debekua (otsailaren 1eko ebazpena48). Ez zen gomendioa onartu. Arazo horri dagokionez, beste kexa bat izapidetzen ari gara (316/2007 esp.), aurreko espedientea zabaltzeko eskatu zuen pertsona berak aurkeztua. Izan ere, bera telefono mintzalekua ixtera behartu zuten, baina, debekua indarrean sartu zenetik, era horretako beste instalazio batzuk jarri omen ziren eta Udalak ez omen zuen inolako neurririk hartu.
Herritarrek azaldu digute, orobat, beharrezkoa dela udal administrazioek emandako gauzatze aginduak betearaztea etxebizitzetan edo lurretan segurtasuna, higienea eta osasungarritasuna bermatzeko.
Nabarmendu behar dugu, hirigintzako diziplinaren alorrean, udal administrazioek partikularren eraikinetan eta lurretan esku hartzeko eskumena dutela, eraikinaren bizi- tzaren oinarrizko hiru alderdi ziurtatze aldera, hots, segurtasuna, osasungarritasuna eta egokitasuna. Eskumen hori jabeek duten jarduteko betebeharretik dator, horiek ezer egin ezean, udalek beharrezko aginduak eman behar baitituzte konponketa, kontserbazio eta birgaitze obrak betearazteko.
Ahalmen hori Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Euskal Legearen 203. artikuluak ezartzen du. Lege horren arabera, betearazpen aginduak derrigor bete beharrekoak dira eta, hala badagokio, Administrazioari haiek betearaz- teko ahalmena ematen dio, ez bere baliabideen bitartez, baizik eta agindua betetzera behartuta dagoenaren kontura.
48 Arartekoaren ebazpena, 2007ko otsailaren 1ekoa; horren bidez, Bilboko Udalari gomendatzen zaio baliorik gabe utz dezala telefono mintzalekuak jartzeko debekua. Debeku hori Bilbo Zaharraren Barne Eraberrikuntza eta Birgaikuntzarako Egitamu Berezian eta Uri Zaharraren Berregokipenerako Egitamu Berezian ezarrita dago.
Kontu hori Santikurutze Kanpezu bezalako zenbait herritan sortu da (203-2007 esp.).
Bertan, auzokide batek salatu zuen etxebizitza-multzo bat arriskuan zegoela, abandona- tuta egotearen ondorioz. Horri erantzunez, Udalak aurkeztutako salaketaren ondoren bideratutako jardueren berri eman zigun. Horrela, espedientea zabaldu zuen eta, horren baitan, udal zerbitzu teknikoek txostena egin zuten eraikinaren kontserbazio egoerari eta segurtasun baldintzak kontserbatzeko beharrezko neurriei buruz. Denbora igaro eta jabeak ezer egin ez zuenez, udal arkitektoak jakinarazi zigun eskatutako administrazio espedienteari hasiera ematea erabaki zela, bidezkoa bazen, eraikina aurri deklaratzeko, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 201. artikuluan aurreikusitako arauekin bat etorriz. Horren inguruan esan behar dugu, gure ustez, Administrazioak arretaz jokatu behar duela eta eraikinen kontserbazioa zaindu behar duela, bidezko betearazpen aginduak emanda. Eraikinak aurri deklaratzea saihestu behar litzateke, horrek, nolabait, esku-hartze publikoko eskumenez baliatzean porrot egin dela adieraziko bailuke. Gainera, ez dugu ahaztu behar eraikinak egoki kontserbatzeko esku- hartze publikorik ez egiteak erraztu egiten duela, pasibotasunagatik bada ere, higiezinen arloko “mobbing” delakoa gertatzea.
Beste auzotar batzuek (81/2007 esp.) Gesaltza Añanan dagoen eraikin historiko bat narriatzearen ondorioz sortutako arrisku egoera salatu dute. Gai horri eta eraikina- ren segurtasun baldintzak ikusi eta bermatzeko hartu diren neurri eraginkorrei buruzko zenbait galderaren aurrean, Udalak eman zuen erantzunaren berri eman zigun. Horrela, betearazpen agindua eman zuen; horren bidez, eraikinaren segurtasuna bermatzeko egin beharreko obrak eta ingurunea etengabe babesteko neurriak ezarri ziren, besteak beste, fatxadetatik bi metrora hesia jartzea. Hala, Udalari zuzendu gintzaizkion, zegoz- kion birgaitze lanak gauzatu zain, eraikinaren inguruan hesia jartzeko behin-behineko neurria betetzen zela behar bezala bermatzen jarrai zezan.
Beste kasu batean, Gasteizko biztanle batek herriko auzo batean kokatutako urbanizatu gabeko zenbait oruberen egoeraren berri eman du (199/2007 esp.). Zehazki, azaldu du Gasteizko Udalak ez duela ezer egin lur eremu horiek gutxieneko higiene eta osasungarritasun baldintzak bete ditzaten. Horren haritik, lur eremuen jabeek lurrak se- gurtasun, osasungarritasun publiko eta itxurazko baldintzetan izateko duten betebeharraz gain, Gasteizko udal ordenantzak jabetza pribatuko urbanizazio eta orubeen garbitasuna eta mantentze lanak ere arautzen ditu. Erreklamazio honi dagokionez, ikusi ahal izan dugunez, Gasteizko Udalak dagozkion eraikuntza-obrak egiteko agindu die orubeen jabeei eta epea eman die kasuan kasuko eraikitzeko lizentzia eskatzeko. Agindutakoa bete ezean, partzela derrigor desjabetu eta salduko dela ohartarazi zaie.
Horren haritik bidali diogu Donostiako Udalari abuztuaren 23ko ebazpena49. Udalak kexagilearen salaketari erantzunez eta aipatu gomendioarekin bat etorriz garatu dituen jardueren berri eman digu. Horrela, udal zerbitzu teknikoek bisita egin ondoren, adierazi da lur eremu horretan ez dagoela arriskurik eta, hala, espedientea ebatzi dela jakinarazi dio kexagileari.
49 Arartekoaren ebazpena, 2007ko abuztuaren 23koa; horren bidez, Donostiako Udalari gomendatzen zaio lur eremu baten segurtasun baldintzak egiaztatzeko administrazio espedientea izapidetu dezala.
Aldiz, Arartekoan aurkeztutako erreklamazioen artean daude, orobat, eragindako pertsonek eurek hirigintzako legeria betearazteko bideratu diren udal jarduerak hizpide dituztenak. Horrela, kasu batzuetan, zenbait pertsonak zalantzan jarri dute Udalak lizentzia-eskaerari uko egiteko emandako arrazoiak; alegia, egin nahi diren obrak edo erabilera-aldaketak udal plangintzaren aurkakoak direla. Gai horiek ez dira legez kontrako jarduerak, baizik eta, hain zuzen ere, hirigintzako diziplinako eskumenez baliatzearen ondorioa.
Horrela, auzotar batek (500/2007 esp.) mungiako Udalaren jardueraren berri eman zigun, bere jabetzako lur eremu batean, lurzoru urbanizaezinean, etxebizitza aurrefabrika- tua instalatzeko lizentzia ukatu ziola-eta. Aurkeztu zigun dokumentazioan ikusi ahal izan genuen Udalak Arau Subsidiarioetan aurreikusitakoarekin bat ez zetorrelako ukatu zuela lizentzia. Zehazki, bere ustez, eskatutako eraikuntza ez litzateke lurzoru urbanizaezinean baimenduta egongo, partzela hori familia bakarreko etxebizitza batek hartuta baitu eta egun indarrean den Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak halako lurzoruan etxebizitza gehiago egitea debekatzen baitu, baratze eta abeltzaintzako ustiategiei dagozkienak izan ezik. Hori dela-eta, argitu behar dugu hark bere jabetzako lurretan egin nahi duen eraikuntza orok, gutxienez, dagokion hirigintzako udal baimena izan behar duela. Horren haritik, kexagileari jakinarazi genion ezin esan genezakeela Udalaren jarduera ordenamendu juridikoaren kontrakoa zenik.
Beste pertsona batek azaldu digu kezkatuta dagoela bere jabetzako etxebizitza baten hirigintzako egoeraz (975/2007 esp.). Idazkian dio ezin duela babes bereziko lurzoru urbanizaezin gisa kalifikatutako herri lurretan dagoen etxebizitza berreraikitzeko obrarik egin. Azaldu digun kontua eraikinen ordenazioz kanpoko erregimenari buruzkoa da.
Eraikinaren ordenazioz kanpoko erregimenak zenbait muga dakarzkio eraikinaren jabeari, ezin ahal izango baititu eraikina osorik birgaitzeko obrak egin. Hori gorabehera, eraikina finkatzeko obrak egin ahal izango ditu, betiere, azalera eta bolumen eraikia gehitzea ez badakarte. Bereziki, eraikina apaindura, higiene eta kontserbazio egoera onean man- tentzeko obrak egin ahal izango dira. Horri zegokionez, ez genuen ikusi Udalak oker jardun zuenik eta, beraz, ez genuen esku hartu beharrik izan gai horretan.
Aipamen berezia merezi du familia batek aurkeztutako kexak (1273/2007 esp.).
Horren bidez, kexagileak Udalak hirigintzako diziplinaren arloan burutu dituen jardueren aurka egin du, bere ohiko bizilekua den etxebizitza zigilatzeko agindu baitzuen. Egiten ari ziren konponketa-lanak amaituta, kexagileak adierazi du emaztearekin eta beren bi seme-alabekin jarri zela bertan bizitzen eta, hala, familiaren bizilekua izatera igaro zela.
Aurrerago, hirigintzako diziplinako espediente baten ondorioz, Udalak etxera sartzeko ate nagusia zigilatu zien. Hori dela-eta, gaur arte ezinezkoa izan zaie hura erabiltzea. Udalak jakinarazi du bi udal espediente zabaldu zirela etxebizitzaren hirigintzako legezkotasuna leheneratzeko eta higiezinaren jabetza ofizioz berreskuratzeko, Udalaren arabera, udal titulartasunekoa baita. Oraingoz, Arartekoak higiezinari dagokionez bideratu ditugun jardunei buruzko informazioa eskatu du. Zehazki, jakin nahi izan dugu ea higiezina familiaren egoitza den, higiezinean sartu ahal izateko beharrezko berme judizialak betetzen diren, zer justifikazio tekniko duen emandako behin-behineko neurriak, hots, etxebizitza zigilatzearenak, eta zer harreman duen horrek lizentziarik gabe egindako lanei dagokienez hirigintzako legezkotasuna berrezartzearekin.
Atal honetan, beharrezkoa da zenbait herritarrek egindako kexa batzuk aipatzea.
Horien bidez, zenbait lokal hirugarren sektoreko erabilerakoak izatetik bizitegitarako erabilerakoak izatera aldatu izanarekin erlazionatuta dauden eta, batzuetan, bilakaera negatiboa izan duten hainbat arazoren berri eman dute. Etxebizitza eskuragarri gutxi izatearen problematika larriaren ondorioz, duela zenbait urtez geroztik udalek neurriak hartu dituzte lokalak etxebizitza gisa moldatu ahal izateko. Jarduera horiek babesten zituzten ordenantza arautzaileek bilakaera izan dute eta, hala, gero eta ar- duratuago daude sortutako etxebizitzak hala erabili ahal izateko beharrezko baldintzak bete ditzaten (bizigarritasuna, erabileren eta egun dauden jardueren arteko bateraga- rritasuna, pribatutasuna, irisgarritasuna...). Alderdi horiei buruz jada hitz egin genuen Eusko Legebiltzarrarentzako 2002ko txostenean barneratu genuen gomendioan; bertan adierazitakoaren arabera, beharrezkoa da etxebizitza duina bermatzea eta bide horretatik infraetxeak sor daitezen saihestea.
Gai honen inguruan jasotako kexa ugariek (1672/2006, 389/ 2007, 428/2007, 1313/2007 espedienteak) garbi uzten dute halako jarduerek tentsio handia sortzen dutela lokal horiek egokitu nahi dituzten interesdunen eta jabekideen komunitateen artean. Kasu batzuetan, gatazkak jabekideen komunitateak eraikineko elementu komunak aldatzen uzten ez duelako sortzen dira eta, beraz, interesdunek ezin dituzte lizentzian ezarritako baldintzak bete (adibidez, etxebizitza berrirako sarrera elementu komunetatik egitea). Beste kasu batzuetan, lokal horien titularrek bidezko baimenik gabe jarduten dute elementu komunetan. Jabekideek ez dute halakorik onartzen eta, beren ustez, udalak zerbait egin behar luke, nahiz eta hori soil-soilik legezkotasun pribatuko kontua izan. Nolanahi ere, hain gai korapilatsua izanik eta era guztietako inplikazioak dituenez, Administrazioak zorrotz jokatu behar du halako jarduerak ikuskatzen eta kontrolatzen, bai sortzen diren etxebizitzek horretarako baldintza egokiak izatearen xedea betetzeko bai beharrezko bizigarritasun betekizunak betetzearen inguruan ez baimenik ez kontrolik ez duten lokalak egokitu daitezela saihesteko.