• No se han encontrado resultados

NORBERAREN HIZKUNTZA ERABILTZEKO ESKUBIDEA

LOTURA ESPAINIAKO KONSTITUZIOAN

4.1. NORBERAREN HIZKUNTZA ERABILTZEKO ESKUBIDEA

Ikusi dugun moduan, zentzu zabalean ulertuta, hezkuntzarako eskubidea Konstituzioaren 27. artikuluan arautzen da. Berau ez da eskubide arrunta, bere lekutze konstituzionalak berresten duenez -I. tituluaren II. kapituluaren I. saila-, hezkuntzarako eskubidea funtsezko eskubidea da, eta hargatik, eraginkortasun eta babes juridiko bereziaz gozatzen du (KAren 53. art.).

Aldiz, Konstituzioak espresuki ez du inon esaten eleaniztasuna eskubidea denik. Hizkuntzen gaineko erreferentzia konstituzionalek -hitzaurreak, 20. artikuluak, 148. artikuluak, azken erabakia, eta batik bat 3. artikuluak- gizarte errealitate eleanitza aitortu besterik ez dute egiten. Konstituzioak ez du eleaniztasuna eskubide gisara tajutzen, egitate bezala baizik.

Izan ere, Konstituzioak ez die hiritarrei espresuki beren hizkun- tza propioa erabiltzeko eskubiderik aitortzen. Edo hobeto esanda, Konstituzioak hiritarrei norbere hizkuntza erabiltzeko eskubidea aitortu aitortzen die, baina ez hiritar guztiei, baizik eta soilik gazte- lania hizkuntza propiotzat dutenei, zeren, Konstituzioaren 3.1 ar- tikuluak dioenez, espainiar guztiek gaztelania erabiltzeko eskubi- dea baitute. Gainontzeko Espainiako hizkuntzez diharduen 3.2 ar- tikuluak, ostera, ez du bestelako hizkuntzekiko horrelako eskubide aitorpenik egiten; hizkuntza hauek beraien Autonomi Estatutuen arabera ofizialak izango direla esatera mugatzen da.

Edozein kasutan, Konstituzioak gaztelania ez beste Estatuko hizkuntzen hiztunei norbere hizkuntza erabiltzeko eskubiderik

zuzenki edo esplizitoki ez aitortzeak, gure aburuz, ez du esan nahi eskubide hori zeharka edo inplizitoki ezin erator daitekeenik.

Ondorengo lerrotan, iharduera deduktiboaren bitartez, gaztelania ez diren gainontzeko Estatuko hizkuntzen hiztunek ere, norbere hizkuntza erabiltzeko eskubide konstituzionala badutela frogatzen saiatuko gara.

Esan bezala, EKren 3.2 artikuluak Espainiako gainerako hizkuntzak ofizialak izango direla xedatzen du. Zentzu horretan, Konstituzioa bera da hizkuntza horien ofizialtasuna ezartzen duena; geroztik tokian tokiko estatutuek agindu horri men besterik ez diote egin. Beno ba, dagoeneko ezaguna dugunez, edozein hizkuntzaren ofizialtasunaren ondoriorik garrantzitsuena eta lehenbizikoa, hizkuntza hori erabiltzeko eskubidea da. Horregatik, Konstituzioak bere 3.2 artikuluan Estatuko gainontzeko hizkuntzen ofizialtasuna ezartzen duen heinean, zeharka edo inplizitoki hizkuntza horien erabilpen eskubidea ere aitortzen ari da.

Konstituzio Auzitegiak adierazia duenez:

«La instauración por el artículo 3.2 de la Constitución de la cooficialidad de las respectivas lenguas españolas en determinadas Comunidades Autónomas tiene consecuencias para todos los poderes públicos en dichas Comunidades, y en primer término el derecho de los ciudadanos a usar cualquiera de las dos lenguas ante cualquier administración en la Comunidad respectiva con plena eficacia jurídica.» (KAren 82/1986 Epaia, 5. oinarri juridikoa).

Hortaz, ofizial maila duten hizkuntzek norbere hizkuntza erabiltzeko eskubidea ofizialtasunaren aitorpen horren barnean daramate. Baina zer gertatzen da ofizial mailarik eskuratu ez duten hizkuntzekin? Hizkuntza ez-ofizial bat norbere hizkuntzatzat duten hiritarrei Konstituzioak hizkuntza propio hori erabiltzeko eskubiderik aitortzen ote die? Oraingo honetan ere, gure ustez, erantzunak baiezkoa behar du.

Konstituzioaren 96.1 artikuluaren eraginez, Espainiak berretsiriko nazioarteko hitzarmen guztiak Estatuko barne antolamendu juridikoaren parte izango dira, erabateko eraginkortasun juridikoaz. Horrez gain, Konstituzioak, bere 10.2 artikuluan, funtsezko eskubideei buruzko arauak Espainiak giza

eskubideen arloan berretsiriko nazioarteko hitzarmenen arabera interpretatuko direla esaten du. Beno ba, Espainiak berretsiriko hitzarmenen artean 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Paktua dago223. Honek bere 27. artikuluan hizkuntz gutxiengoen kideei norbere hizkuntza erabiltzeko eskubidea espresuki aitortzen die:

«En los Estados en que existan minorías (...) lingüísticas, no se negará a las personas que pertenezcan a dichas minorías el derecho que les corresponde, en común con los demás miembros de su grupo (...), a emplear su propio idioma.»

Orduan, bada, 96.1 eta 10.2 artikuluen indarrez, norbere hizkuntza erabiltzeko eskubidea Estatuko antolamenduaren parte izango da eta ez hori bakarrik, González Villanuevak dioenez, «el derecho al uso de la propia lengua -que no sea el castellano- por parte de un ciudadano español ha de considerarse como un dere- cho fundamental, similar en su reconocimiento y garantías a los restantes, contenidos en el Título Primero de la Constitución, y, entre ellos, el derecho a la educación del artículo 27».224

Beraz, norbere hizkuntza erabiltzeko eskubidea gizaba- nakoaren funtsezko eskubideetariko bat da, honek dakartzan ondorio guztiekin. Baina hori ez da dena, norbere hizkuntza erabiltzeko eskubidea Konstituzioak aitortzen dituen beste funtsezko eskubide batzuk egikaritzeko aurretiazko baldintza

(223) EEO, 1977ko apirilaren 30ekoa, 103. zenb.

(224) GONZÁLEZ VILLANUEVA, J.A. Derecho a la educación y plurilingüismo. Revista de Occidente, 1982, 10-11 zenb., 171. or. MILIÁN i MASSANA ez dator bat autore honekin, bere iritziz, «la calificación de derecho y libertad fundamental que se hace al derecho al uso de la propia lengua nos parece inexacta si aquélla es en sentido técnico, puesto que técnicamente los derechos y libertades fundamentales serían sólo aque- llos susceptibles de protección vía de amparo (art. 53.2 CE)». MILIÁN i MASSANA, A. Los derechos lingüísticos en la enseñanza, de acuerdo con la Constitución. REDC, 1983, 7. zenb., 363. or. Ildo beretik, BAÑO LEÓNek zera dio: «El derecho al uso de la lengua propia no es un dere- cho fundamental pero deriva de una decisión fundamental del constitu- yente...» BAÑO LEÓN, J.M. El ejercicio del pluralismo lingüístico en la Administración Pública. REDA, 1987, 54. zenb., 233. or.

premiazkoa ere bada. Edo bestela esanda, funtsezko zenbait eskubidek, beti ere, errespetatua izan behar duen eduki linguistikoa du225. Pentsa, adibidez, idazle euskaldun bati, adierazpen askatasunaren eta honen zehaztapena den sorkuntza literario eskubidearen aitorpen konstituzionalek zertarako balioko lioketen, gerora berari sormen iharduera hori bere hizkuntza propioan adierazteko aukera ukatuko balitzaio, edota atxilotu bati bere defentsarako eskubidearen aitorpenak zertarako balioko liokeen, hau bere hizkuntzan egikaritu ezin izango balu.

Gizabanakoari legeak aitorturiko funtsezko eskubideak norbere hizkuntzan aurrera eramatea galeraztea, hein handi batean, funtsezko eskubide horiek ukatzea bezala izango litzateke. Baño Leónen hitzetan, «cuando en un Estado existe un pluralismo lingüístco es difícilmente sostenible reconocer a la persona como titular de derechos fundamentales e imponerle al mismo tiempo, directa o indirectamente, el uso de una lengua distinta a la mater- na. Si ello ocurriera habría que convenir (...) que aquella libertad sería ilusoria.»226

Hortaz, norbere hizkuntza erabiltzeko eskubidea funtsezko eskubide bat ez ezik, beste funtsezko eskubide batzuen egikaritze erreal eta eragingarrirako aurretiazko baldintza ere bada.

Izaera juridikoari dagokionez, norbere hizkuntza erabiltzeko funtsezko eskubidea, askatasun eskubidea da. Bere garaian ikusi dugun moduan227, askatasun eskubideek gizabanakoari aginte publikoek esku hartuko ez duten eremu bat bermatzen diote.

Hargatik, gizabanakoek norbere hizkuntza harreman pribatu nahiz publikoetan erabiltzeko askatasun osoa izango dute, aginte publikoek askatasun hori egikaritzea kaltetu dezakeen edozein

(225) Hizkuntz eskubideen eduki linguistikoari buruz ikus MILIIÁN i MASSANA, A. Derechos lingüísticos y derechos fundamentales en Es- paña. RVAP, 1991, 30. zenb., 74. or. eta hurrengoak.

(226) BAÑO LEÓN, J.M. El ejercicio del pluralismo lingüístico en la Admi- nistración Pública, 230. or.

(227) 65. eta hurrengo orr.

iharduera omititu beharko dutelarik. Eta ez hori bakarrik, askatasun eskubide askorekin gertatzen den bezala228, aginte publikoen zeregina ez da ez-egite edo omisio iharduera horrekin bukatzen -status negatiboa-, askatasun eskubide hauek mamirik gabeko deklarazio teoriko hutsalak bihur ez daitezen, aginte publikoek eskubide horiek egikaritzea posible egin dezaketen neurri legislatibo eta administratibo aproposak hartu beharko dituzte -status positiboa-. Azken honi askatasun eskubideen dimentsio objektiboa edo organizatzailea deritzo.

Hala bada, nork bere hizkuntza erabiltzeko eskubidea edukirik gabeko flatus voci izan ez dadin, administrazio-aparatuak bere egiturak eleaniztasunaren eskakizun berrietara egokitu beharko ditu.

Oraindaino esandako guztia kontuan izanik, atera daitekeen ondorio nagusiena zera da: hezkuntzarako eskubidearekin batera, norbere hizkuntza erabiltzeko eskubideak ere gure erregulazio konstituzionalean leku propioa duela, nahiz eta azken honen presentzia zeharka eta iharduera deduktiboaren bitartez ondorioztatu.

4.2. NORBERAREN HIZKUNTZAREN IRAKASKUNTZA