1. 2001 URTEAN ZEHAR BURUTUTAKO EDO HASITAKO TXOSTEN BEREZIAK ETA AURREKO TXOSTENEN
C) Sasoikako langileen egoerari buruz txosten monografikoa egiteko aukera Azken sei urteetan egindako jarraipena dela eta, urtero izan ahal izan dugu
1.1.3. ADINEKOEN EGOITZAK KONTROLATZEKO JARDUEREN JARRAIPENA
2001. urtean adineko pertsonentzako egoitza etxeak bisitatzen jarraitu dugu, helburu bikoitzaz: batetik erakunde honek egoitza etxe horien gainean 1994an egin zuen txostenean jasotako gomendioen jarraipena egiteko eta, bestetik, ondoren onetsitako araudira, hau da, martxoaren 10eko 41/1998 Dekretura zenbateraino moldatzen den jakiteko.
2000. urteko txostenaren atal honetan azpimarratu genuen, jada, gizarte zerbitzuen alorrean iritsitako lehenengo erakunde mailako erabakiaren garrantzia. 2001ean gai horren garapenean eta gauzatzean aurrera egin da, eta 2001eko otsailaren 8an oinarrizko eta berariazko gizarte zerbitzuak zehazteko Akordio bat sinatu zuten Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako eta EUDELeko eremu horretako arduradunek. Halaber, Eusko Jaurlaritzak uztailaren 30eko 155/2001 dekretua onetsi du, gizarte zerbitzuen alorreko eginkizunak zehazteko, non gizarte zerbitzuen alorreko eginkizun edo programa bakoitza zein administraziori –autonomi erkidego, foru edo udal mailakoa- dagoen zehazten baita.
Horren haritik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Eusko Jaurlaritzak alegia, bere gain hartzen ditu Oinarrizko Errentaren eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzen prestazio ekonomikoak, baita familia ugarikoen agiriak ere.
Foru aldundiek mendetasuneko pertsonen eta kolektibo berezien (adinekoak, ezgaitazunen bat duten pertsonak, haurrak eta ahulezia egoerako kolektiboak) artapen orokorra hartzen dute (zentroak, programak, laguntza teknikoak eta beren beregiko prestazio ekonomikoak). Azkenik, udalek, oinarrizko gizarte zerbitzuen bidez, gizarte zerbitzu desberdinei eustea koordinatu eta kudeatzeaz arduratuko dira, baita halakoren bat behar baina mendetasuneko legez sailkatuta ez daudenak artatzeaz ere.
Baina zahar etxeei dagokienean, prozesua ez da oraindik amaitu, hainbat egoeraren konplexutasunarengatik, esaterako, Gipuzkoakoa, non Foru Aldundiaren eta kasu askotan halako zahar egoitzen titularrak diren udalerrien arteko itun berriak jorratzen segitzen duten.
Bestalde, akordio horren edukia aplikatzeko, partidak esleitu behar dira, bai foru bai udal erakundeen aurrekontuetan. Hartara, 2002. urtean lortutako akordioen edukia erabat aplikatu ahal izango da, bakoitzaren aurrekontuetan aurreikusita daukatelako..
Nagusientzako egoitzez ari garela, esan behar da gero eta gehiago direla mendetasuneko pertsonek okupatutako lekua. Pertsona horien artatzea, esandako erabakiaren arabera, foru aldundien eskumenekoa denez, foru erakundeak artapen horrek eskatzen dituen beharrizanen ardura hartzen hasi dira. Zentroak lehen aipatutako 48/
98 Dekretuaren aurreikuspenetara egokitzeaz ari gara.
Horren harira, Gipuzkoako bi egoitzatara egin ditugun bisitetan esan digute lurralde horretako Foru Aldundiak, aipatutako dekretura egokitzeko egin behar zituzten obren kostea finantzatzea aurreikusita zegoela. Obra horiek egoitzak ikustera joandako foru teknikariek seinalatu zituzten. Arestiko ekimenaz gain, aipagarria da foru aldundi hori gizarte zerbitzuen mapa berria prestatzeko egiten ari den ahalegina, zeinen artean, bereziki, pertsona nagusien artapenaren ingurukoak nabarmentzen diren.
Atal honetan Arabako Foru Aldundiak bere menpe dauden Pertsona Nagusientzako Zentroen Oinarrizko Estatutua onetsi dela ere aipa daiteke, otsailaren 20ko 19/2001 Foru Dekretuaren bidez onartu zena.
Garrantzitsua da azpimarratzea estatutu horrek zentroen erabiltzaileen eskubideak luze eta zabal garatzen dituela, pribatutasunari, duintasunari, autonomiari, hautatzeari, gogobetetzeari eta haien eskubideen defentsari dagokienez. Dituzten betebeharrak aipatu, eta zehapen prozedura ere ezartzen du. Era berean, zerbitzuetarako irismena ere araupetzen du, eta antolamendu egitura seinalatzen du, baita partaidetza kolektiboko organoak –erabiltzaileen batzordeak eta senideen batzarra, aipagarrienak- eta norbanakoen partaidetzarako bideak ere.
Modu berean, oso ondo irizten diogu Bizkaiko Foru Aldundiak lurralde horretan zahar etxe gehiago eraiki eta martxan jartzeko egingo duen ahalegina. 2001ean foru aldundi hori zenbait zentro eraikitzeko behar diren izapideekin hasi da, eta horrek egoitzetako toki kopuruen ugaritze handia ekarriko du. Albiste ona da, lurralde horretan dagoen defizit handia arinduko duelako, egoitza batean toki bat lortzeko itxaroteko zerrenda luzeak izaten dira-eta.
Nagusientzako egoitzei dagokienez, 2001ean sei ikustera joan gara, lurralde bakoitzean bina. Bost egoitza eta giza taldeko etxebizitza bat dira, non erabiltzaileek jasotzen duten artapenaren kalitatean alde nabarmenak aurkitu ditugun. Hara:
Araba
Talde-etxebizitza (Kanpezu)
Etxe hau 1984an ireki zen, eta gure erkidego autonomoan lehena izan zen. Duela zenbait urte, herriko maisuak hartzeko, altxatutako eraikin baten beheko solairuan dago.
Bi egitate hauek azaltzen dute, hein handian, etxebizitzaren egoera, oso duina den arren (garbitasun, ordena, aireztapen, argitasun, eta abar), oraingo dekretu arautzailean esandako egiturazko arazo batzuek dauzka, batez ere sarrerako eskailerak, eta prestazio batzuen falta, geroago zabaldu diren honelako zentroetan ohikoak diren gauzak.
Etxebizitzak zortzi toki eskaintzen du, eta Arabako Mendialdeko Kanpezuko Koadrilaren menpe dago. Gure iritziz, zentroak eginkizun garrantzitsua betetzen du eskualdean, nagusiak ahalin eta luzaroen bere ingurunean mantenduz, ingurunea esatean bi zentzutan adierazi nahi dugularik: batetik, landa ingurunea, bertan izaten diren bizitza erritmoaz eta pertsonen arteko harreman motaz; bestetik, etxeko eta lagunengandik hurbil daude, eta urrutiago baleude baino sarriago ikusi ahal dituzte.
Inguruan ez dago egoitzarik, eta herri egoitzarik gertuenak Aguraingoa, 30 kilometrora, eta Gasteizkoa, 38 kilometrora daudela. Gasteiza joan ohi dira halakorik behar duten pertsonak. Horregatik, etxebizitza honetan ondo dauden pertsonez gain mugitzeko nolabaiteko arazoak dauzkaten pertsonak ere hartzen dituzte.
Horregatik, oso ondo ikusten dugu Kanpezuko Koadrilak etxebizitza hau mantentzeko egiten duen ahalegina.
Bisitan zehar, ordea, gelak oso txikiak direla eta komunean eusteko barra gehiago jarri behar direla antzeman genuen. Kontroleko txirrin gehiago ere jarri beharko lirateke, komunean batez ere, korridorean bakarra dago-eta, eta telealarma tresna bat da.
Etxebizitzan ez dago suteen aurkako babes sistemarik. Lehen aipatu ditugun sarrerako eskailera horiek ere eragozpena dira.
Beste mota bateko kontuei begira, barneko araudia ez da nahikoa, batez ere 41/
98 dekretuan ezarrita dauden erabiltzaileen eskubideei dagokienean.
Zentroan gutxienez arduradun bat egoten da, goizeko 9etatik gaueko 10etara.
Egoiliar gutxi dagoenez, egoiliarren eta familiako langilearen arteko harremana oso gertukoa da. Era berean, etxea herri gunean dagoenez egoiliarrak herrian oso integratuta daude.
Etxebizitzaren titularrari, ahal duen heinean, esandako alderdi horiek zuzentzea iradoki zaio. Hala ere, bisitan etxebizitza berria hartuko lukeen eraikin berria altxatzeko gogoa eta aukerarik ere badaukatea esan ziguten, baita oraingoen ordezko eguneko zentroa egiteko ere, eta horretarako Foru Aldundiarekin gestioak egiten ari ziren. Asmo hori gauzatuko balitz, arkitektura arazo horiek gaindituta geratuko lirateke, eta oso ona izango litzateke Arabako mendialdeko eskualdeko nagusientzat.
Ariznavarra egoitza (Gasteiz)
Egoitza hau Foru Aldundiarena da, baina pribatuki kudeatzen da. 2001eko maiatzean inauguratu zen, horretarako beren beregi altxatutako eraikinean.
Bisita 2001eko azaroaren 22an egin genion –zabaldu eta sei hilabetera- eta ikusi genuen eraikitzean halako zentroen berezko egitura eta arkitektura beharrizanak kontuan izan direla; areto zabal eta argitsuak, nahikoa gainazaleko logelak, komun egokituak, instalazio elektrikoa eta suteen aurkako sistema egokiak, eta abar. Altzariak ere berriak dira.
Horregatik, esan daiteke zentroal dekretu arautzailean esaten dena betetzen due- la, alderdi material eta fisikoei dagokienez. Erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuarekin zerikusia daukaten beste alderdi batzuek, ordea, hobetu behar direla uste dugu, horiek alderdi materialak bezain garrantzitsuak baitira, nagusien egoitzako egonaldiaren kalitatean eragin zuzena dutelako.
Edozein egoitza martxan jartzeko izaten diren zailtasunez jabetzen gara, are gehiago egoiliarrentzako 140 toki eta bertan dagoen eguneko zentroan beste 60 baldin badauzka.
Horrek esfortzu eta ardura izugarria eskatzen du, eta horretarako borondaterik dagoenik ez dugu zalantzarik. Baina horrek ez dut inola ere erabiltzaileek jasotzen duten artapenaren kalitaterik gutxitu behar, ez eta beren eskubideak ezagutu eta gauzatu ahal izatea ere.
Horregatik, zentroaren titularrarengana jo dugu, gure iritziz tratatu beharko liratekeen alderdiak hobetu eta zuzentzen laguntzeko. Gainera, alderdi horiek guztiak lehen aipatutako Eusko Jaurlaritzako 41/1998 dekretuan, Arabako Foru Aldundiaren menpe dauden Pertsona Nagusientzako Zentroen Oinarrizko Estatutua onetsi zuen otsailaren 20ko 19/2001 Foru Dekretuan daude. Hona hemen zertaz ari garen:
Gelak lehen esan den bezala, zabalak eta argitsuak dira, eta barruak moldatutako komuna daukate. Baina armairu eta kaxoi bat ere ezin da giltzaz itxi, eta horrek bakoitzaren gauzatxoen pribatutasuna zailtzen du.
Ez dago pribatuan hitz egiteko moduko telefonorik, beheko solairuan bi kabina besterik ez dagoela. Solairu bakoitzeko telefono bana jarri beharko litzateke, pribatutasun hori bermatzeko modukoak.
Egoitzak bi sail dauzka: bata laguntzarako eta psikogeriatrikoa bestea. Erabiltzaileek ez daukate erreferentziako langilerik, zentruarekiko harremana erraztu ohi duen inor, alegia. Era berean, azpimarratu behar da zentroan ez dagoela barne erregimeneko arautegirik. Ez dauka, beraz, erabiltzaileen eskubide eta betebeharren, partaidetzarako bideen eta abarren zerrendarik prestatuta. Pertsona guztiek ulertzeko moduan, arauak eta kontuak erraz idatzita biltzen dituen esku orririk ere ez dago. Izan ere, bertako
egoiliar batzurekin izandako elkarrizketan kontu horien gainean ezer ez zekitela jabetu ahal izan genuen. Baina badago iradokizunetarako postontzi bat, eta erreklamazio orriak ere badaude.
Partaidetza kolektiboko organorik ere ez da sortu, erabiltzaileei eta senideei ukitzen dienean, aipatutako foru dekretuan esaten diren horiek, eta egoiliarrei zentroko bizitzan parte hartzeko bideak eta moduak eskaintzen dizkietenak.
Hedatu behar den alderdi bat, besteak beste, erabiltzaileentzako antolatzen diren jarduera programena da, antza, astelehenetik ostiralera, goizero ordu bete baino izaten ez baitute. Alderdi hau sendotzea komeniko litzateke, egoliarren jarduera fisiko zein burukoen gabezia saihesteko, bereziki beren kabuz ezer egiteko ekimenik ez dutenei begira. Horretarako, taldeak dinamizatzen eta astialdia betetzen adituak diren pertsona gehiago beharko lirateke.
Honainoko guztiarekin, zentroaren titularrarengana jo dugu, esandakoa zuzentzeko planteatzera.
Bizkaia
Otxandioko Udal Egoitza
Eraikin zahar batean dago, herriaren erdi-erdian, 41/1998 Dekretura egokitzeko zaharberritze eta aldaketa obra handiak behar dituen erakin batean. Izan ere, obrak aurreikusita dauzakte, esan zigutenaren arabera.
Esaterako, komunak oso txikiak dira, gurpildun aulkidunek erabiltzeko. Gainera, kontroleko gune batera konektatutako txirrina eduki beharko lukete, eta segurtasuneko barra gehiago. Logeletan ere obrak egitea pentsatuta daukate, eta abar.
Giroa atsegina eta familiartekoa dela ikusi genuen, baina erabiltzaileak luzaroan egoten dira ezer egin gabe. Horretarako, jarduerak egitea eta okupazio terapia dinamizatuko duen pertsona bat kontratatzea komeniko litzaieke.
Era berean, erabiltzaileek zentroko bizitzan parte hartzeko bideak sendotu beharko lirateke, eta beren eskubideen gaineko eta erreklamazio eta kexak egiteko prozeduraren berri eman beharko litzaieke. Iradokizunetarako postontzia jartzea ere ondo etorriko litzateke.
Esan zigutenarengatik, egoitza hau esku hartzeko plan orokorra idazten ari da.
Sancti Spiritus egoitza (Bermeo)
Udalarena den zentro hau udalerriko toki lasai batean dago, eta egoiliarrek oso eskueran dauzkate denontzako zerbitzuak. Gainera, zentroa egun osoan egoten da zabalik etxeko eta auzotarrentzat, egoiliarrak ikustera edo eguneroko mezetara joaten baitira, eta horrek egoiliarren eta herritarren arteko komunikazioari laguntzen dio. Eraikinean 72 tokiko egoitza dago, 15 tokiko eguneko zentro bat eta 10 pertsonarentzako tutoretzapeko pisuak.
Erlijiosa erkidego batek artatzen du, kontratatutako pertsonekin batera. Esan zigutenarengatik, erkidego hori aurki lan hori uztekotan dago, beraz, langile gehiago kontratatu beharko da, eta erlijiosa horien egoitza den hirugarren solairua zertarako erabili ere definitu beharko da.
Ekipamendu eta zerbitzu onak dauzka, baina zenbait gauza zuzentzea komeniko litzateke. Hartara, zentrurako sartzeko eskailera bat eta malda handiak daude, mugitzeko
arazoak dituzten pertsonentzako oztopo larria direnak eta, ondorioz, pertsona horiek sotoa erabili behar dute eraikin barrura sartzeko.
Logelak txikiak dira, baina zabaltzeko obrak egitea aurreikusita dago, dutxa platerak kenduta eta solairuetan komun geriatriko gehiago jarrita. Obra hori egiten denean, komunena zoru ez-irristakorra jarri beharko litzateke, baita segurtasuneko barrak eta deitzeko txirrinak ere.
Erabiltzaileek eta senideek zentroaren bizitzan parte hartzeko bideak sendotu beharko lirateke, iradokizunetarako postontzi bat jarri eta erabiltzaileen eskubide eta betebeharren eta horiez baliatzeko moduaren berri emateko esku orria argitaratuko beharko lukete.
San Andres egoitza (Eibar)
120 toki eskaintzen dituen eraikina da eta tokirik gehienak mendetasuneko pertsonek hartuta daude. Herri gunean dago, eta lehen zegoenaren ordez altxatu zen oraingo eraikina, hein handi batean, herritarren bidez ordaindu zen. Horren ondorioz, herritarren eta zentroaren artean harreman berezia dago, herritarrak maiz joaten dira bisitan, eta herriko ekitaldi eta jai ospakizun garrantzitsuenetan parte hartzera gonbidatzen dituzte. Garbi dago horrek bertako egoiliarrei on egiten diela, herrian integratuta eta herkideekin harremanetan segitzen dutela sentiarazten dietelako. Titularra udal fundazio bat da.
Zentroa aldaketa prozesuan murgilduta dago, 41/1998 Dekretura moldatzeko.
Horren harira, esan zigutenaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko dituen obra garrantzitsuak egiteko egitasmo bat onetsita daukate jada. Egitasmo horretan erakunde honek ere antzeman zituen gabeziak zuzenduko dira, hala nola, suteen aurkako detektoreak jartzea, logeletan gaueko argiak eta diferentzialak jartzea, solairuetan telefonoak jartzea, kokatzen laguntzen duten erreferentziak paretetan (kolore desberdinak eta abar), igogailuaren botoien altuera jaistea, gurpildun aulkietan dabiltzanen eskueran, eta abar.
Era berean, banako logelak ere handiago egingo dira, ez direlako ezarritako gainazalera iristen. Komunak ere aldatu behar dituzten, txikiegiak direlako eta ez dutelako eusteko barra egokirik, eta eraikinera sartzeko aldapa gogorra leunduko da, mugitzeko arazoak dituzten pertsonentzat gehiegizkoa baita.
Zentroak barruko erregimeneko arautegi bat izatea komeniko litzateke, aipatutako dekretuan ezartzen den bezala, non, besteak beste, arau horretan jasotako eskubide eta betebeharren zerrenda sartuko baita. Egun, bizikidetasuneko oinarrizko arau batzuek daude, nahikoa atzean geratu direla irizten diegunak, betebeharrak bai baina eskubiderik aipatzen ez delako. Zentroa kontu hori zuzentzen ari da. Interesgarria litzateke jarduera onerako eskuliburua ere izatea, eta egoki iruditu ez zitzaigun jardueraren bat zuzentzea.
Zentrora sartu ahal izateko sistemari dagokionez, lehentasuna eman izan zaie bertako herritarrei, baina espero liteke, foru aldundiaren menpe egotera aldatzean, sartzeko orduan sartzeko beharrari lehentasuna emango dieten irizpide objektiboak erabiliko direla aurrerantzean.
Iurreamendi egoitza (Tolosa)
1920an altxatutako eraikina da, karratua eta erdiko patio ederra duena. Udaleko herri fundazioa da. Zuzenean kudeatzen da eta egoiliarrak Tolosa eta baserri gune ugari dituen bere inguruetatik datoz. 165 toki dauzka, eta sail psikogeriatriko bat.
Eraikina zaharra den arren, nahikoa ondo dago, zeren duela 15 urte zaharberritzeko obra handia egin batzioten. Hala ere, orain obra berriak egitea aurreikusita dago, 41/1998 Dekretura eta irismena sustatzeko legera moldatzeko. Lanak bi fasetan egingo dira eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko ditu. Esan zigutenez, lehenengo fasearen egitasmoa eginda dago, eta dagozkien aurrekontuan onetsi ondoren foru diruak eskuratu zain daude hasteko.
Obra horietan ikusi genituen gabezia batzuek zuzenduko dira, hala nola, suteen aurkako sistemako detektorerik eza, instalazio elektrikoaren gauzatxo batzuek, korridoreetan bigarren eskudela jartzea, kokapeneko erreferentziak paretetan, eta abar.
Logelei dagokienez, esan behar da banako geletan ez dela arauan esaten den gainazalik errespetatzen, beraz, hori ere zuzenduko da. Era berean, komunetan eusteko barra gehiago eta zoru ez-irristakorra jarriko dira.
Barruko funtzionamenduko arautegiari dagokionez, 1986. urteko bat dago, gure iritziz, gainditu behar dena, erabiltzaileen betebeharrak bai baina eskubiderik, partaidetzarako biderik eta halakorik jasotzen ez duelako. Gure ustez, arautegi berria idatzi beharko litzateke, 41/98 Dekretuan bildutako eskubide eta betebeharren zerrenda sartuta. Modu berean, kontu horien berri emateko esku orriak ere eduki beharko lirateke, egoiliarrek erraz ulertzeko modukoak. Esan zigutenez, zentroa idazketa berria egiteko prozesuan dago.
Bestalde, zentroan jarduera protokolo desberdinak dauzkate, zaintza aringarriena, besteak beste, non heriotza eta bizi bitarteko testamentua idatzeko ahalbidea hartzen dituena.
Horretaz gain, zentro honetan ondo zeudela ikusi genituen zenbait gauza ere aurkitu genuen, esaterako, logela guztietan telebista daukatela. Arreta zuzeneko langile guztiak identifikatuta joaten dira, egoiliarrek hobeto ezagutzeko. Higieneari alorrean egunero dutxatzea sartzen da. Zentroak jostun bat dauka, egoiliarren arropan behar diren konponketak egiteko. Langile guztiek trebatzeko ikastaroak etengabe egiten dituzte.
Jardueren egitarauan urtean txango bat edo bi egitea sartzen da, talde txikitan, denon artean adostutako toki batera edo egoiliarren baten udalerrira. Egoiliar bat ospitaleratzen dutenean, ospitaleko egonaldian lagutzeko pertsona bat kontratatzen da, berarekin egon daitekeen seniderik ez badauka. Pertsonaren bati hiltzen denean, egon zeneko gela berriro margotzen da, hurrengoa datorrenean giro garbiagoa izan dezan.
1.1.4. ADINEKOEI EGOITZEZ KANPO EMATEN ZAIEN LAGUNTZA