Gloria Guzmán Orellana eta Irantzu Mendia Azkue
4. Emakumeen protagonismoa egia, justizia eta erreparazioaren aldeko borrokan
4.2. Gerraostean paper estrategikoa
4.2.2. Erreparazioaren aldeko politika publikoaren bultzada
Trantsiziozko justiziaren markoan, giza eskubideen urraketak eragindako kaltea erreparatzeko moduen formulazioak arreta handia jaso izan du azkeneko urteetan. Erreparaziorako neurriak biktimek pairatu duten kaltea onartzearen emaitza dira, eta konpentsazio materialen bidez (laguntza ekonomikoak, doako tratamendu mediko eta psikologikoa, hezkuntza eta etxebizitzarako maileguak, etab.) edo konpentsazio sinbolikoen bidez (oroigarriak, museoak, jai ofizialak, zeremoniak eta iragana gogorarazteko ekintza sozialak) gauza daitezke.
El Salvadorren, zigorgabetasuna gainditzeko, Egiaren Batzordeak egin zituen gomendioen artean honako hauek daude: 1) txostenean aipatzen diren ofizial guztiak Indar Armatuetatik kanporatzea; 2) txostenean aipatzen diren gobernuko funtzionario eta epaile guztien desgaitze publikoa; 3) sistema judiziala berritzea; 4) Bake Akordioak betetzea; 5) krimenen egileak zigortzea; 6) biktimen eta haien senitartekoen erreparazioa, kalte-ordainetarako funts berezi baten bidez; 7) biktimen eta senitartekoen erreparazio morala, San Salvadorren gatazkaren biktima izan direnen izenak jasotzen dituen monumentu bat eginez, biktimen memoria errespetatuz eta haien oroimenez, jaiegun nazional bat finkatuz, eta adiskidetze nazionala; 8) Egiaren eta Adiskidetzearen Foroa sortzea txostenaren berri emateko; eta 9) gomendio horiek betetzen direlako nazioarteko segimendua egitea.
Hori oinarri hartuta, gatazkak iraun duen bitartean milaka biktimari eragindako kalteak ordaintzera bideratutako politikak garatzea izan da zigorgabetasunaren aurkako borrokan El Salvadorreko emakumeen eskarietako beste bat. Eskaera horretan, gainera, kontuan hartzen da Estatuak kalte hori onartzeak eta erreparazio-neurriak ofizialki sustatzeak balio pedagogikoa daukala gizarte osoarentzat.
Hala ere, Bake Akordioen ondoren, Estatuak inoiz ez ditu Egiaren Batzordeak egindako gomendioak kontuan hartu, eta inoiz ez du erreparazio- politika publikorik garatu. Izan ere, giza eskubideen aldeko erakundeek eta biktimek ukazioa eta arbuioa besterik ez zuten jaso 2009ra arte boterean etenik gabe izan ziren eskuineko gobernuengandik. Horren aurrean, erakundeek lan egin dute herrialdean hamarkada horietan eta modu sinbolikoan egin diren erreparazio-ekimen gutxi horiek gauzatzeko..
Barkamena eskatzeko lehenengo keinu ofiziala 2012an gertatu zen FMLNren lehenengo gobernuaren partetik, bakea sinatu zeneko 20. urteurrenaren karian. Gobernuaren eta biktimen arteko elkarrizketarako abagune politikoa mesedegarriagoa izanik, biktimek, erreparazio-politikak eskatzeko koherentzian, energia guztia erabili dute erreparazio-bideak zehaztea lortzeko behar izan den ibilbide luze horretan, gobernuari hainbat eta hainbat proposamen eginez.
Modu nabarmenagoan, gatazkan desagertutako eta eraildako pertsonen senitartekoen batzordeetako emakumeak biktimen errolda ofizialerako behar zen datu-basea osatzen eman dituzte urte asko, eta erreparazioa lortzeko esperantzarekin egin dute. Baliabide gutxirekin, Batzordeak herrialdean barrena ibili dira, biktimei eta senitartekoei informazioa ematen eta datuak jasotzen, eta haiek ere biktima izanik, lan “terapeutikoa” ere egin dute.
“2009an hasi ginen erreparazio-politika senitartekoekin eta zenbait erakunderekin lantzen. Urte horretan bertan aurkeztu genion [gobernuari]. Horren ondoren, 2010ean, 2011n eta 2012an errolda landu genuen eta FISDLen16 aurkeztu genuen. 2012an eta 2013an
erroldaren bigarren fasea landu genuen. 2014an zuzendaritza- batzordea osatu genuen, erakundeko eta gobernuko kideekin. Horren ondoren, bilera gehiago egiten jarraitu genuen. Gaur arte bilerak egiten aritu gara, eta esan digute erreparazio-egitaraua laster hasiko dela” (Guadalupe Mejia, CODEFAM) 17.
Testigantza horren adierazgarri, erakundeak izan dira erreparazio- neurri ofizial gutxi horiek bultzatu dituztenak batik bat. 2016ko uztailan, El Salvadorreko trantsizioan erreparazioaren inguruan egindako programa garrantzitsuenaren hasieraren berri eman zuen ofizialki gobernuak, jendaurreko
16 Tokiko Garapenerako Inbertsio Sozialerako Funtsa, erreparazioetarako funtsa kudeatzen duen erakunde publikoa.
egintza batean: gatazka armatuan zehar giza eskubideen urraketa larrien biktima izan direnentzako diru-transferentziako programa izenekoa. Horren barruan ordainketa-mekanismo batzuk daude, besteak beste: duintzeko neurriak, osasunerako, hezkuntzarako eta elikadura-segurtasunerako irisgarritasuna, egia onartzea, barkamena eskatzea, diruz konpentsatzeko mekanismoak eta halako gertaerak errepika ez daitezen neurriak hartzea18. Gaur egunera arte programa honen onuradun izan diren 2.996 lagunetatik, 2.401 emakumeak dira, eta 595 gizonak19.
Biktimek eta giza eskubideen aldeko mugimenduko aktibistek programa honi buruz egiten duten balorazioari dagokionez, biktimek zuzenean proposatutakoak, jakina, egokitzat jotzen dituzte; beste batzuk, aldiz, ez zaizkie nahikoak iruditzen. Esaterako, diruz konpentsatzeko neurrietan, erroldan izena eman duten 55 urtetik gorako biktimei hilean 50 dolar (USD) ematea zehaztu dute.
“Hori miseria hutsa da, pentsa zenbat balio duen elikagaien otzarak hilean... eta 50 dolarrekin, zer erosiko duzu bada? Azukrea eta beste gauzatxoren bat. Nire ustez oso gutxi da”. (Guadalupe Mejia, CODEFAM) 20.
Jasandako kaltea inola ere konpentsatzen ez duen eta harekin bat ez datorren erreparazio materiala onartzeak biktimei eragiten dien dilemaren aurrean, testigantza beraren hitzetan, senitartekoen Batzordeak berak izan ziren gaiari buruzko gogoeta egin zutenak erroldatuta zeuden biktima askorekin, eta azkenik izaera materialeko neurriak onartzea erabaki zuten, ezer ez jasotzeak jada bizi duten prekaritatea handitzea ekarriko lukeelako.
Mugimendu sozialaren eta giza eskubideen aldeko erakundeen sektore batzuek harridura eta kritika erakutsi dute –gobernuaren egitarauko erreparazio materialaren eta beste neurri batzuen aurrean– eta senitartekoen Batzordeak, neurri horiek gauzatzen laguntzean, FMLNren gobernuarengandik hurbil kokatzen direla uste dute, egitaraua nahikoa eta bidezkoa ez den arren.
18 Ikus Gizarteratzeko Idazkaritza: <http://www.inclusionsocial.gob.sv/gobierno-lanza- programa-de-transferencia-monetaria-para-victimas-de-graves-violaciones-a-derechos- humanos-durante-el-conflicto-armado/>.
19 FISDLeko Informazio eta Erantzunerako Bulegoak (OIR) 2016ko irailaren 26an emandako datuak, Gardentasunaren Legean oinarrituta eta kapitulu honen egileek eskatuta.
Zalantzarik gabe, sortutako egoera konplexua da eta kritika bidezkoa, eta horren aurrean, ohar batzuk egin behar dira. Lehenengoa, senitartekoen Batzordeak gehien bat gizartearen sektore txirotuenetatik datozen emakumeek osatuak direla, eta gerraostean ez dutela haien prekaritate egoera aldatu. Bigarrena, bizi izan duten bazterketa-egoera horretan emakume horiek izan direla egia, justizia eta erreparazioa eskatzen tinko eutsi izan diotenak hamarkada hauetan, eta, zalantzarik gabe, erreparazio-egitarau ofizialaz harago jarraituko dutela lan horrekin. Azkenik, egitarauaren edukia bera ere onuradun diren biktimek ere kritikatzen dutela, jakitun direlako programak dituen mugez.