• No se han encontrado resultados

AZPIMARRATU BEHARREKO ELEMENTUAK ETA IKUSITAKO ARAZOAK

In document EUSKO LEGEBILTZARRARI TXOSTENA 1996 (página 55-59)

ARARTEKOAREN IHARDUERA NAGUSIAK

2. AZPIMARRATU BEHARREKO ELEMENTUAK ETA IKUSITAKO ARAZOAK

*Jaso dugun informazioaren arabera, zenbait gai bereziki dira arazotsuak, honako hauek hain zuzen:

- kontratazio sistemak;

- aterpe baldintzak;

- eskolaratze baldintzak;

- gizarte integrazio edo integraziorik ezaren maila.

A/ Kontratazio sistemei dagokienez, zenbait praktika oso zabalduta daude, esate baterako azpikontratuena eta 16 urtetik beharakoek uzta-bilketa lanetan parte hartzea.

Atzerriko pertsonentzat dituen ondorio negatiboengatik oso arriskutsua da azpikontratazioaren praktika, hau da: «talde buru» funtzioak bere egiten dituen pertsona batek, adibidez, mahasti bat halako diru kantitate baten truke biltzeko kontratua egiten du; dirua pertsona horrek berak jasotzen du nekazariarengandik eta ondoren taldekoen artean banatzen du askotan gehiegikeriazko irizpideekin.

Aipatutako adibidearekin jarraituaz, adibidez 96ko mahats bilketan zazpi bat mila pezeta ordaindu da lanegun bakoitzeko. Langileak, ordea, ez du askotan bizpahiru mila pezeta baino gehiago irabazi, gainerantzekoarekin talde burua geratu delarik.

Erakunde honek jakin duenez, pertsona bat baino gehiago -guztiak atzerritarrak- geratu dira pezeta bat bera ere kobratu gabe egun asko lanean pasatu ondoren, eta jo ere egin izan dituzte zegokiena esijitu dutelako. Gertakari horiek agintarien aurrean salatzeko aukera azaldu zaienean, pertsona horiek nahiago izan dute ezer ez egin, beraien ustez horrek etorkizunerako ondorio txarrak ekarriko lizkiekeelakoan. Hain zuzen 95eko mahats bilketan Biasteriko Ertzaintzaren komisaldegian salaketa bat bakarrik aurkeztu zen era horretako arrazoiengatik.

B/ Aterpe baldintzei dagokienez, gutxienez lau egoera bereiz ditzakegu:

a) erakundeek sustatutako aterpeetan babesa jaso duten pertsonak, normalean egun baterako edo birako;

b) akanpatzeko prestatuta dauden zona edo kanpamentuetako familiak;

c) nekazariek edo enpresa kontratatzaileek prestatutako lokaletan aterpea izaten duten pertsonak edo familiak;

d) baldintza hobeagorik ezean ahal duten lekuan eta moduan gaua pasatzen duten familiak eta pertsonak.

a) Azken urteetan Biasterin eta Agurainen denboraldi baterako aterpeak jarri dira martxan. Horretan hainbat erakunde izan dira laguntza eman dutenak, bakoitza bere neurrian: Foru Aldundiko Gizarte Ongizatea, eskualdeetako udalak, oinarrizko gizarte zerbitzuak, nekazarien erakundeak, Cáritas, zonako borondatezko langileak, atzerritarrei laguntzeko erakundeak, etabar.

Urte hauetako esperientziaren bidetik esan daiteke ekimen hori sendotuta dagoela eta bere bidez beharrezko zerbitzua eskaintzen zaiola pertsona kopuru garrantzitsu bati: 300 pertsona 1995ean eta 327 pertsona 1996an. Sasoi edo kanpaina bakoitzean egiten diren txosten tekniko edo ebaluaketek emandako zerbitzuari buruzko datu zehatzak eskaintzen dituzte eta sasoikako langile talde bat ezagutzeko datu interesgarriak dira (azpimarratzekoa da, esate baterako, zerbitzu horiek erabiltzen dituen atzerritar kopuru handia: azken urteko datuen

arabera Biasteriko aterpean egon zirenen ehunetik 61, eta Aguraingoan egondakoen ehunetik 83).

Txosten horiek, bestalde, eskainitako zerbitzuen zenbait muga ere azaltzen dituzte: bi egun pasatzeko aukera besterik ez dute ematen, ordutegi mugatua dute, egun batzuetan aterpeak jendez gainezka egoten dira, gizarte agenteek inplikazio maila ezberdina azaltzen dute...

b) Akanpatzeko ohizko zonak Eltziegon eta Albainan daude, eta batez ere ijito etniako familiak egoten dira horietan, sarritan beraien artean gainera familia harremana ere edukitzen dutelarik. Kanpamentu horietan eskola adinean dauden haur asko egoten dira.

Eltziego herritik oso gertu dagoen kanpamentuak beharrezko zerbitzuak badauzka (ur korrontea, argia, dutxak eta komunak), nahiz eta haien egoera ez izan beti nahi bezain ona. Kanpamentu horretako pertsona askok beraien ibilgailuak erabiltzen dituzte etxebizitza moduan.

Albainako kanpamentua zelai batean dago eta bi komun, argia emateko generadore bat eta zaborra biltzeko ontziren bat besterik ez dauka. Kanpamentu horretako pertsona gehienak beraiek material kaskarrekin egindako txabola antzeko eraikinetan bizi dira, gutxieneko segurtasun eta osasungarritasun baldintzarik gabe. Zuzenean pertsona horiengandik eskuratutako informazioaren arabera, gehienek urteak daramatzate eskualde honetara etortzen patata biltzera eta guztiek dauzkate familia harremanak elkarren artean, jatorriz leku ezberdinetakoak izan arren (Basauri, A Coruña...).

c) Nekazari edo enpresa kontratatzaileen lokaletan zenbat pertsona egoten diren hobeto jakin beharko litzateke, eta batez ere lokal horiek bizitza duinerako baldintzak betetzen ote dituzten ala ez ikusi. Erakunde honek bildu duen informazioaren arabera -kasu honetan nabarmen motz geratzen den informazioa, bestalde-, badirudi baldintza oso desberdinak antzematen direla:

gaitasun ekonomiko oso handiko enpresa batzuek prestatutako lokal eredugarrietatik hasi eta gutxienezko bizigarritasun baldintzarik gabeko espazioetaraino.

d) Aterpeak eta akanpatzeko zonak dauden arren, leku horietan oraindik ikus daitezke zerupean lo egin edo prestatu gabeko zonetan akanpatuta egunak eta egunak pasatzen dituzten pertsonak. Aurten, adibidez, era horretako akanpaleku bat Biasteri inguruan Eltziegora doan errepide ondoan zegoen, zaborrak biltzeko ontzi bat besterik ez zeukan zakartoki batean.

C/ Eskola adineko haurren eskolaratzeari buruz

Lehen esan den bezala, eskolaratze premiak asko aldatzen dira zona batetik bestera, eta batez ere ijito etniako familiak biltzen diren kanpamentuetan kontzentratzen dira bereziki. Azken urteetako bilakaera kontuan izanik, badirudi premia horiek ugariagoak direla mahatsa biltzen den lekuetan, patatarenean baino.

Erakunde honek Eltziego, Biasteri, Dulantzi eta Trebiñoko eskola publikoak banan-banan bisitatu ditu horien eskolaratzeko aukerak edo baldintzak ikusteko.

Alde batetik, ikastetxe horietako zuzendariak eta irakasle taldeak haur horiek zonan dauden bitartean eskolaratzeko erabat prest azaldu dira. Baina, bestetik, eskolaratze hori lortzeko edo ahalik eta baldintzarik egokienetan emateko arazo errealak ere badaude. Arazo horiek, alde batetik, familien egoerarengatik sortzen dira (denbora gutxi pasatzen dute; egoera higienikoak; umeek bilketa lanetan laguntzea; familien arteko tirabirak...), eta bestetik, eskainitako zerbitzuengatik (garraioa eta jangela lortzea; ikastetxeetako langile taldeen mugak; jarraipenerako aukerak; eskola elkarketak...).

Kasu batzuetan, adibidez Biasteriko Ikastetxe Publikoaren kasuan, 1996.

urtean eskolaratzea lortzeko pausoak eman ziren arren, egiaz ez da hori horrela gertatu. Eltziegoko Ikastetxe Publikoaren kasuan aurreko urtean ikusi ziren zenbait gabezia zuzendu ahal izan dira eta eskolaratze egoera hobea lortu da; alabaina, ume horientzat eskola elkarketa berezien sistemarekin jarraitu da eta ez dute eskolako jangelara joaterik izan. Trebiñoko Ikastetxe Publikoan lau urte jarraituko esperientzia, egonkortasuna eta irakasleeen partaidetza daukate, eta horri esker talde hori ikastetxeko dinamika normalean askoz integratuagoa dago. Kasu guztietan ikusten dira, ordea, eskolaratze arazoak, eta horiek gainditzeko ikastetxeez gain beste maila batzuen lankidetza ere beharko da.

D/ Pertsona horien gizarte integrazio edo integraziorik ezaren maila.

Bildutako informazioaren arabera, hau ez da arazo larria, baina aztertu ditugun egoeretan zuzenean edo zeharka eragina daukatelako jasotzen dugu hemen. Badakigu talde horiek gehiago gizarteratzeko hainbat gauza hobetu behar direla (kanpamentuen kokapena; baldintza higienikoak; zerbitzu publiko, komun eta beste zerbitzu batzuk eskuratzeko bidea; eskolaratze baldintzak...), eta gainditu behar da pertsona horien eskubideak ez errespetatzeko jarrera, noizean behin antzematen dena.

* * *

* Lehen aipatu diren arazoekin batera, iharduera positiboak eta eredu ona ematen dutenak ere azpimarratu behar dira. Iharduera horietako batzuk lehen adierazi dira, baina berriro aipatzea komeni da. Ondorengoak dira lekuko:

- Aterpeen iniziatiba, idatzi honetako B/ a) atalean funtsean adierazia, izan ere erakundeek parte hartu dute, agente eta erakunde ezberdinen elkarlana egon da, azken urteetan jarraipena izan du, bereziki arazoz beteta dauden pertsonei lagundu zaie, esperientzia urtez urte ebaluatu eta hobetu da...

- Gizartearen pentsaera onerako aldatu da, zona horietan lan egiten duten pertsona gehienek diotenez, atzerriko edo etnia ezberdinetako pertsonekiko errespeto gehiago dago orain. Beraz,

iharduera eta konpromezuen bidez lortuz joan den pentsaera eta jarrera aldaketa dugu hau.

- Borondatezko langileen eskuhartzea eta elkartasun mekanismoen garapena.

- Ikastetxeetako irakasle taldeen mobilizazioa, antolatzeko eta sasoikako langile familien hezkuntza beharrei erantzuna emateko.

3. ERAKUNDEEN IHARDUERARAKO PROPOSAMENAK

In document EUSKO LEGEBILTZARRARI TXOSTENA 1996 (página 55-59)