• No se han encontrado resultados

OFIZIOZKO IHARDUERAK

In document EUSKO LEGEBILTZARRARI TXOSTENA 1996 (página 136-142)

KEXEN LABURPENA SAILEZ SAIL

2- Agiriak euskaraz idaztea

3.3.3. OFIZIOZKO IHARDUERAK

EITBk martxoaren 8ari buruzko iragarki bat emateari uko egitea (10/

96/OI)

Martxoaren lehen egunetan erakunde honek EITBk hartutako erabaki ba- ten berri izan zuen, zeinaren arabera Bizkaiko Emakumeen Asanbladak martxoaren lehen aste horretan, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatzen zela eta aurkeztu zuen iragarkia ematea ukatzen baitzen.

Erakunde publiko hori iragarkia atzera botatzeko Administrazio Kontseiluren arau batean oinarritu zen, arauak galarazi egiten baitu “ideia filosofiko, erlijioso edo politikoak dauzkan publizitatea” ematea. EITBk zioenez, pluraltasuna eta berdintasuna babestea zen arau horren helburua, eta arau hori hautsi egingo litzateke ahalmen ekonomiko gehiago eduki eta beraien aukera ideologikoak

“ordain” ditzaketen taldeei lehentasuna emango balitzaie.

Arartekoak bere aldetik uste zuen eskatutako iragarkia ez ematea behar adinako arrazoirik gabe adierazpen askatasuna eta ideien hedapena moztea zela.

Erakunde honen ustez, EITBk bere erabakia babesteko aipatzen zuen araua ez zen kasu honi ezartzeko modukoa. Iragarkia egoera sozial zuzenagoa eta berdintasun baldintzetan sakontasuna aldarrikatzera mugatzen zen. Eta pertsonen eta gizarte taldeen arteko berdintasuna ez da ideia filosofiko ez politiko bat, baizik elkarbizitza demokratikoaren oinarri eta Konstituzioak 1.1 artikuluan jasotzen duen eraketa juridikoaren balore gorenetako bat.

Debekua ezartzen duen arauak adierazpen askatasuna eta komunikabideetan sartzeko muga ezartzen duenez gero, modu murriztailean interpretatu behar da.

Horregatik, ideia politikoak edo erlijiosoak hedatzea hori egiten duten taldeen arabera aztertu behar da: talde batzuek ideia batzuk aukeratuko dituzte, eta besteek berdin baliagarriak diren beste aukera ezberdin batzuk. Kasu horietan, ideia bat sustatzea besteen kalterako izango litzateke, baina aztertzen ari garen kasuan ez zen hori gertatzen. Pertsonen arteko berdintasunaren defentsa ez da gizarte talde jakin baten ideia, baizik eta, esan den bezala, gizarte bizitzaren antolamendu demokratikoaren oinarrizko zutabeetako bat. Berdintasun printzipioari ez zaio beste inolako legezko printzipiorik kontrajartzen. Esparru honetan onartezinak dira jarrera kontrajarriak; are gehiago, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren defentsa bete-betean legez kontrako publizitatearen alorrean sartuko litzateke, “pertsonen duintasunaren kontra” doalako eta “Konstituzioan aitortutako baloreak eta eskubideak” hausten dituelako (Publizitatearen Lege Orokorraren 3.a art.).

Laburbilduaz, berdintasuna sustatzea ideia politiko, filosofiko edo erlijiosoak zabaltzearekin konparatu ezin denez gero, EITBk aipatutako araua ez zen ezargarria.

Argudio horretaz gain, Arartekoa beste arrazoibide batzuetan ere oinarritzen zen, horien artean ondokoak azpimarra daitezkeelarik:

Alde batetik esaten zen iragarkiaren edukia guztiz bat zetorrela Euskal Administrazio Publikoak, eta batez ere Emakundek onartutako helburuekin eta

iharduera programekin. Horrela, Institutu horrek osatutako II. Ekintza Plan Positiboak, “Kultura eta komunikabideak” alorrerako daukan lehen helburuak honela dio: “Emakumeek eta gizonek esparru publikoan eta pribatuan berdintasunez parte hartzeko premiaz euskal gizartea sentsibilizatzea, eskubide eta betebeharretan bi sexuen arteko erantzunkidetasuna sustatuaz”.

Ez da ahaztu behar Euskal Irrati-Telebista Erakunde Publikoa sortzen duen 5/1982 Legeak bere funtzionamendurako printzipioetan berdintasun printzipioa errespetatzea eta Konstituzioan eta Autonomi Estatutuan (3.c eta 3.d art.) aitortutako elkarbizitzaren balore zibikoak sustatzea jasotzen dituela.

Garbi zegoen Bizkaiko Emakumeen Asanbladak egindako iragarpena bete- betean sartzen zela euskal administrazioak lortu nahi dituen helburuen artean, eta, beraz, horiei trabak jarri ordez sustatu eta bultzatu beharrekoak ziren.

Bestalde, erakunde publikoaren arrazoiketari dagokionez, kolektibo pribatu batek manifestazio baterako egiten duen deialdia ezin dela publizitatean sartu alegia, Arartekoak hau uste zuen: lehenik, deialdia bigarren mailako gauza zela iragarkiaren osotasunean; eta bigarrenik, hori guztiz zilegia izateaz gain, martxoaren 8ko manifestazioa guztiz ohizkoa eta ia instituzionala dela, emakumeen kolektibo ugarik eta sindikatuek elkarrekin antolatzen dutelako. Hirugarrenik, eta arrazoibide hau ere besteak bezain garrantzitsua da, erakunde honen ustez iragarkia ez emateko erabakiak ez zion erantzuten kasu guztietarako erabiltzen zen irizpide homogeneoari. Horregatik gogorarazten zen EITBk beste kasu batzuetan iniziatiba pribatuak antolatutako manifestazio publiko edo bilera jendetsuen publizitatea eman izan duela.

Beraz, Arartekoaren iritziz iragarkia ematera ukatzeak adierazpen askata- sunerako eta jabetza publikoa daukaten komunikabideetan sartzeko eskubide konstituzionala behar bezala justifikatu gabe mugatzea zekarren, eta gainera diskriminatzailea izan zitekeen, EITBren aldetik beti jokaera bera eramaten ez zelako.

Azaldu diren arrazoiengatik Arartekoak gomendio bat egin zion EITBri, Bizkaiko Emakumeen Asanbladak martxoaren 8a ospatzen zela-eta egindako iragarkia sartzeko baimena eman zezan. Iharduera berehala gauzatu behar zen, ez baitzeukan zentzurik mezua aipatu eguna pasatu ondoren emateak, eta horregatik gomendioa berehala egin zen erakunde honetan ohizkoa den bezala EITBri informazio gehiago eman zezan eskatu eta zain egon gabe. Horrek ez zuen esan nahi EITBren ustez garrantzitsuak izan zitezkeen beste azalpen edo aportazio osagarriak entzungo ez genituenik.

Gomendioa hilaren 6an bidali zen eta bizkortasun izugarriarekin, martxoaren 8an bertan EITBko Zuzendari Nagusiaren gutun bat jaso zen erakunde honetan:

bertan esaten zen Administrazio Batzordearen Presidenteak berretsi egiten zuela iragarkia ez emateko hartuta zegoen erabakia. Horretarako, Kontseiluko legelari- aholkulariak egindako txostenean oinarritzen ziren, zeina gizabide handiz ezagutu eta azter genezan bidali zigutelarik.

Txosteneko argudio nagusia ematea eskatzen zen mezuaren izaera filosofikoa azpimarratzean zetzan. Guk genioen pertsonen arteko berdintasuna sustatzea ezin dela zentzu hertsian ideologiatzat jo, gizarte antolamenduaren oinarrizko

printzipioa delako eta ukatzeak elkarbizitzaren lege eta kultura oinarriak hautsiko lituzkeelako; txostenean berriz esaten zen iragarkiak eduki filosofikoa zeukala, gizakia zer den aztertzen zuelako. Era berean zioen “berdintasuna elkarbizitzaren oinarrizko printzipio gisa harturik ez dela unibokoa ezta kontzeptualki ere”, eta horregatik esparru honetan planteamendu kontrajarriak egon daitezkeela.

Azken batean hau da txostenaren ondorioa: “Elkarte jakin eta gizaki eta sexuen harremanaz gauzak ulertzeko ere modu jakin bat daukan publizitatearen aurrean gaude, eta horregatik garbi dago ideia filosofikoen publizitate ordainduaren debekuan bete-betean sartzen dela, agindua ulertzeko modua nahi bezain estua izan arren”.

Bestalde, txostenak baiesten du era horretako publizitate ordaindua onartzeak arrazoi ekonomikoengatik kolektibo batzuk besteen parean diskriminatzea ekarriko lukeela. Amaitzeko, planteatutako arazoak adierazpen askatasunarekin zerikusirik ez daukala dio, hori albistegi saioen eta eztabaida programen bitartez bideratzen delako, eta inondik ere ez publizitatearen bidez.

Txostena bidali eta handik denbora batera EITBko Zuzendari Nagusiak erakunde horren kontrol parlamentariorako Batzordean agerraldia egin zuen erakunde publiko horrek iragarkia ematera ukatzeko eduki zituen arrazoiak azaltzeko, eta aipatu diren argudioak berretsi zituen.

EITBri erakunde honek egin zion gomendioa onartu ez zen arren, Arartekoak iritzi zuen gaiak gogoeta pausatuagoa merezi zuela, ez bakarrik arazoa etorkizunean berriro plantea daitekeelako, baina baita kasu zehatz hau ideiak libreki hedatzeko eskubidearekin eta komunikabideetan sartzeko aukerarekin lotzen delako ere.

Horregatik, erakunde honek bere iharduera amaitutzat eman aurretik berriro EITBra jo zuen gogoeta hauek jakinarazteko:

1- Bizkaiko Emakumeen Asanbladak proposatutako mezua “filosofia hutsa

zela zioen baieztapen garbiaren aurrean, EITBk filosofikoa denari buruzko ulerkera zabalegia erabiltzen zuela planteatzen zuen Arartekoak. Filosofia modu horretan ulertuz gero, edozein ideia edo planteamendu intelektual sar daiteke bertan, izan ere esplizituki edo inplizituki horiek gizadiaren galdera handietakoren bati erantzun nahi diotelako. Zentzu horretan garbi dago iragarkiak halako pentsamendu filosofiko bat zeukala, baina ezin da ahaztu ideia hori (pertsona guztien berdintasuna) sistema demokratikoaren oinarria dela, Ilustrazioaren argitan sortutako lege antolamendu guztien funtsa jasotzen duela, eta Europako gizarteen ideologia eta kulturaren ondasunaren parte dela.

Kasu zehatz honetan zegoen eztabaida, ordea, ez zen axiologikoa, baizik askatasuna murrizten zuen arau baten ezarpenari zegokion, eta horregatik modu murriztailean planteatu behar zen. Horregatik, oro har onartzen diren balore batzuei buruzko aipamena ezin da idologiatzat jo debekua ezartzerakoan.

Bestalde, ideia filosofikoak hain modu zabalean hartzen badira, muturrera joanez gero ia edozein publizitate debekatzera eramango gintuzke. Hori horrela hartuko balitz, automobilak, garbikariak edo aurrezte sistema bat saltzeari buruzko iragarki guztiak debekatu beharko lirateke jarrera

kontsumistak, konpetitiboak edo erasokorrak indartzen dituztelako, eta zorionez, ekologiaren orekaz, errealizazio pertsonalaz edo “bizitzan arrakasta lortzeaz” ulertu behar denari buruzko ideiak hedatzen dituztelako.

Eta arrazoi gehiagorekin kendu beharko litzateke helburu komertzial ezberdinekin emakumeen eta gizonen paperen desberdintasuna bultzatzen edo emakumea objetu soil gisa irudikatzen duen propaganda oro. Beraz, begibistan dago EITBk eguneroko politikan ez duela aztertzen ari garen kasuan ezarri duen publizitate ideologikoari buruzko irakurketa egiten.

2- EITBko aholkulariak egindako beste baieztapen bati buruzko gogoeta ere egin zuen Arartekoak. Alegia, sexuen arteko berdintasunari buruzko arrazoibide ezberdinak eta mugimendu feminista desberdinak daudela, eta horregatik Bizkaiko Emakumeen Asanbladari iragarkia sartzeak beste kolektibo batzuk diskriminatzea ekarriko lukeela.

Onartu behar da, bai, mugimendu feminista plurala dela, eta horregatik bere barruan joera ezberdinak daudela. Garbi dago orobat elkarte femi- nista ezberdinak daudela. Baina ebazpenean esaten denaren alderantziz, elkarte eta pentsamendu-orientabide ezberdin horiek elkartzen dituen

“feminista” kalifikatiboaren azpian biltzen dituena hain zuzen guztiek daukaten ideia amankomun bat da: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna. Esan den bezala, egiazko berdintasuna lortzeko bitarteko edo estrategiei buruzko desadostasunak egon daitezke, baina helburu hori eta emakumeek egiaz jasaten dituzten diskriminazioen froga feminis- moaren funtsa dira.

Onartu behar da, beraz, iragarkian Bizkaiko Emakumeen Asanblada aipatzea ez dela garrantzitsuena arazoaren muinean beste zerbait dagoelako: genero ezberdineko pertsonen arteko berdintasun printzipioa hedatzea, hain zuzen. Izan ere, Arartekoak aditzera eman zuen lehen idatzian eta EITBren erantzunean ez zen kontrakorik adierazten, iragarkiaren edukia publizitate instituzionalean sar zitekeen eta Emakundek sustatutako zenbait sentsibilizatze kanpainekin guztiz bat zetorren, beraz, ez dirudi egokia denik aurkezten duena elkarte bat delako atzera botatzea.

3- EITBren erabakia oinarritzen den ebazpenean jasotako beste argudio batek ideia politikoen “ordaindutako publizitatea” aipatzen du, eta Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko 5/85 Lege Organikoak espreski debekatzen duela esaten da.

Iritzi horren kontra, Arartekoak uste du aipatu berri den lege hori ez dela gai honi buruzko araudi orokorra, aldiz, hauteskunde sasoietan alderdi politikoek komunikabideetan daukaten sarrera arautzeko lege berezia dela.

Paradoxikoki -askatasunaren funtsezko eskubideaz baliatzeko forma ba- ten aurrean aurkitzen garelako-, komunikabideetan parte hartzeko erregimen orokorra lege arrunten bidez araututa dago: Irrati-Telebistaren Estatutuak (4/80 Legea) estatuaren esparruan, eta EITB sortzen duen 5/82 Legea erkidego mailan. Aldiz, hauteskunde kanpaina-garaian

komunikabideetan parte hartzeko erregimen bereziaren arauketa lege organikoak jasotzen du (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoak, edo bestela erreferendum modu ezberdinei buruzko 2/1980 Lege Organikoak).

Bigarren kasu horretan -hauteskunde kanpaina- publizitatea doanekoa den bitartean, lehenengorako -hauteskunde kanpainetatik kanpo talde sozial eta politikoek komunikabideetan parte hartzeko aukera- arauek ez dute espreski ezer agintzen, eta horregatik komunikabide batean publizitatea sartzeko ordaindu beharra egon daiteke.

4- Azkenik, Arartekoak berriro zioen EITBk kasu honetan emandako ezetzak ez ziola irizpide orokor bati erantzuten, eta horregatik arbitrarioa eta diskriminatzailea zela.

EITBren ebazpenak ez zuen gaiaren alderdi hori aztertzen. Besterik gabe zioen gai honek ez zeukala adierazpen askatasunarekin zerikusirik. Dotrina juridikoaren eta gaiari buruzko iritzia azaldu duten nazioarteko erakundeen iritzia bestelakoa da, ordea. Giza Eskubideen Europako Batzordearen (4515/70 eta 7805/77 demandak) eta Europako Auzitegiaren (85-03- 25eko epaia, Barthold kasua, edo 89-11-20, Markt intern Verlag GmgH kasua) iritziz, publizitatea informazioa eta ideiak jasotzeko eta ezagutzera emateko askatasunak juridikoki tutelatutako informazio modu bat da, Giza Eskubideen babeserako Europako Hitzarmenak 10. artikuluaren esparruan sartzen da alegia.

Egia da Europako Auzitegiaren eta Konstituzio Auzitegiaren iritziz giza komunikabideen bitartez adierazpen askatasunaz baliatzeko orduan zenbait muga egon daitezkeela, eta onartzen da orobat horiek zabalagoak izan behar dutela publizitateari dagokionean. Alabaina, funtsezko eskubide bati mozketak ezartzea denez gero, mugaketa horiek ahalik eta gehien murriztu behar dira, kasu bakoitzean dauden arrazoiak justifikatuaz. Gure ustez, EITBk Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren iragarkia ez emateko hartutako erabakian ez ziren behar horiek frogatu, eta edonola ez ziren azaldu kasu honetan zergatik ez zen jarraitu antzeko kasuetan jarraitutako irizpide berdina.

Azaldu diren arrazoiengatik, Arartekoak berretsi egin zuen martxoaren 8ko ospakizunari buruzko iragarkia zela eta egindako gomendioa, eta bere edukia orokortu ere egin zuen, kasu zehatz honen bidetik aurkeztutako argudioak etorkizunean irizpide orokor gisa erabil zitezela gomendatuz, pertsona guztien berdintasuna bultzatzen duten iragarkiak emateko bideak egin daitezen.

EITBk bidalitako txosten zabal eta dokumentatuan aztertutako gai batzuei buruzko gogoeta zehatza dator. Honela laburtu daitezke emandako argudioak eta ateratako ondorioak:

Telebistako emanaldi-zerbitzuak arautzen dituen arautegiak oso ondo bereizten ditu publizitatera bideratutako saioak eta iritzi eta informaziora

bideratuak. Legegileak publizitatea bitartekoen betekizun eta pluraltasunerako arrisku bezala ikusten du, eta ondorioz adierazpen eta informazio askatasunerako, eta horregatik ezartzen zaizkio muga eta arau oso zorrotzak. Publizitate saioak iharduera ekonomikoari buruzko mezuetara mugatzen dira, ideien hedapena, eta bereziki ideia politiko, filosofiko eta erlijiosoena kanpoan uzten duelarik.

Txostenaren egileak dio mezu ideologikoak doan eta informazio eta iritzi saioetan bakarrik eman behar direla, antena eskubidearen arabera.

Doantasuna berdintasun printzipioan oinarritzen da “izan ere, horiek ordainduta emateko baimena emango balitz, ekonomikoki ahulenak diren taldeak arbitrarioki diskriminatu egingo liratekeelako, berez edo beraien kideen bidez aukera ekonomiko handiagoak dauzkatenen parean”.

Beraz, Bizkaiko Emakumeen Asanbladak proposatutako iragarkiak iharduera ekonomikotik kanpo dagoen mezua daukanez, eta aldi berean ideia filosofiko bat denez gero, hori ematea debekatu egiten du indarrean dagoen araudiak. Hain zuzen, esaten da, EITBko Administrazio Kontseiluak debekatu egin du izaera bereko edo beretsuko mezuak ematea, eta noizbait Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren antzeko mezua zeukaten iragarpenak eman badira, horrek ETBren hutsegite eta lege hausketa bat adieraziko luke, eta beraz, tratamendu berdina eskatzeko orduan hori ezin da inolaz ere aurrekari gisa erabili.

Txostenak azkenik argitzen du aurreko guztia ez zela oztopo izango Bizkaiko Emakumeen Asanbladak proposatutako mezua “informazio eta iritzi saioetan, propaganda gisa eta antena eskubidea arautu behar duten arau objetiboen arabera emateko”.

Arartekoa ez dator bat EITBko legelari-aholkulariak osatutako txostenean jasotzen diren arrazoiketekin eta ezta ondorioekin ere. Ebazpena behar zuen arretarekin aztertu ondoren, ondorio honetara iritsi zen: txostenean jasotako argudioek ez zituzten bere ihardueraren oinarriak indarrik gabe uzten, horregatik emandako gomendioei eusten jarraitu zuen.

Erakunde honen zeregin nagusia administrazio publikoak burutzen dituen iharduera irregularren aurrean hiritarren eskubideak defenditzea izaki, Arartekoak ez zeukan gaiari buruzko inolako eztabaida teorikotan sartzeko asmorik. Bere ustez, zeregin hori gogoeta egitera dedikatzen diren beste erakunde batzuei dagokie. Horregatik, EITBren Administrazio Kontseiluari joan den urriaren 31n igorri zitzaion idatzian zenbait aspektu formal edo prozedurazkori buruzko arrazoiketa batzuk bakarrik zeuden.

Eztabaidatutako gaiari buruz erakunde publikoak zeukan iritzia erakunde honi espreski ez zaiola jakinarazi gogoratzeaz gain, Arartekoa puntu batean zentratzen zen: legelariaren txostenaren arabera Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren esku jar zitezkeen informazio edo iritzi saioak beraien mezua eman zezaten, kolektibo horri modu horretara telebista publikoan sarrera edukitzeko aukera emanaz.

EITBko Administrazio Kontseilua arrazoibide horrekin bat bazetorren, deigarria eta kontraesankorra ere bada bere garaian aipatu Asanbladari beste bide batetik beraien iragarkia emateko aukerarik eskaini ez izana, hau da, kolektibo horri komunikabide publiko batean parte hartzeko eskubidea ez aitortzea beraien mezua doan emanaz. Eta beraien mezuaz ari gara, beraiek aukeratutako moduan emateaz, martxoaren 8ko manifestazioari edo arrazoi berdinagatik burututako beste edozein ekitaldiri emandako informazio trataera edonolakoa izan zelarik ere.

Ondorioz, Arartekoak ideiak libreki ezagutzera emateko eskubidea nolabait kaltetua zegoela ikusteaz gain, EITBk bai erakunde honi, bai Bizkaiko Emakumeen Asanbladari komunikabide publiko horretan gizarte taldeek daukaten antena eskubidea artikulatzeko modu zehatzari buruz emandako informazioa nahikoa ez zela ere iritzi zuen. Horregatik, gai horri buruzko informazio zehatza eskuratzeko ofiziozko iharduera bat hastea erabaki zuen. Horretarako, Bizkaiko Emakumeen Asanbladak proposatutako iragarkiaren inguruan emandako pausoetatik aldendu eta Konstituzioak 20.3 artikuluan jasotako jabetza publikoa daukaten komu- nikabideetan parte hartzeko eskubideari buruzko azterketa planteamendu orokorragoarekin egingo da.

Joan den urriaren 31n informazio eskari bat egin zitzaion EITBri, eta horrekin eman zitzaion hasiera aipatu den ofiziozko iharduerari.

In document EUSKO LEGEBILTZARRARI TXOSTENA 1996 (página 136-142)