• No se han encontrado resultados

NEKAZARITZA, INDUSTRIA, MERKATARITZA ETA TURISMOA

In document EUSKO LEGEBILTZARRARENTZAKO TXOSTENA 2000 (página 102-107)

ALORREZ ALOR ETA TALDE BATZUEN ARAZOEI

A) ARARTEKOAREN JARDUERARIK GARRANTZITSUENETAKO BATZUK ALORREZ ALOR

1. NEKAZARITZA, INDUSTRIA, MERKATARITZA ETA TURISMOA

1.1. SARRERA

Ararteko erakundeak 2000n tramitatu ditu lehenengo arloari edo nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako arloari, bigarren arloari edo industri arloari eta hirugarren arloari edo zerbitzuen arloari dagozkien arazo edo gatazken gaineko 19 kexa espediente.

Erreklamazio hauen guztien lana erakundeak egindako zereginaren %2,04 besterik ez da, betiere herritarrek sustatutako kexa espedienteei dagokienez.

Erreklamazio bakoitzak ukitutako administrazioa aintzat harturik, kexa hauen estatistika ondorengoa da:

- Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ... 11 - Foru Administrazioa ... 7 - Toki Administrazioa ... 6

Halaber, edukia kontuan hartzen badugu, kexak modu honetara sailka ditzakegu:

- Industria ... 6 - Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza ... 4 - Kontsumoa ... 3 - Merkataritza ... 2 - Eskubideak eta askatasunak ... 2 - Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio

prozedura ... 1 - Turismoa ... 1

Autonomia Erkidego honetan nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako jarduerei eragiten dieten kexen artean Getaria kolektiboak bidalitako kexa azpimarratzekoa da;

izan ere, bertan udalerri horretako San Anton mendian egindako arbola-mozketaren legezkotasuna jartzen zen kolokan. Mozketa enpresa pribatu batek egin bazuen ere, udalak baimendu zuen, erreklamazio egileek adierazi zutenari jarraituz. Era berean, 2000n Arartekoaren jardueraren helburua izan da nekazaritza zein abeltzaintzako ustiategietako titularren eta basojabeen interes kontrajarriak bateratzeko beharrizana.

Kasu hauetan, erreklamazio egileek, abeltzaintzako ustiategietako titularrak izan ohi direnek, euren haserrea azaltzen dute, euren iritziz, ukitutako administrazioek jarduten ez dutelako foru arauek ustiapenen arteko banaketarako ezarritako gutxieneko neurriak betetzen ez direla-eta jarritako salaketei erantzunez.

Orobat, bigarren edo industri arloan hainbat gairi oratu zaio. Ohar bezala, Mañariko herritar batek aurkeztutako kexa aipatuko dugu. Bertan azaltzen zuen ez zetorrela bat Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak udalerri horretako harrobi batek bere jarduerari jarraitzeko emandako baimenarekin; izan ere,

beraren iritziz, jarduera hori legez kanpo zegoen. Sail horren jarduerari dagokionez, azpimarratzeko da herritar batek egindako kexa; izan ere, bere ibilgailuko IATren txartela gorde zioten, horretan ohar bat ageri zelako. Igorritako informazioa aztertu eta gero, ondorioztatu zen sail horretako zerbitzuen jarduera zuzena izan zela, IATren txartela itzuli ziotelako, beste azterketa bat pasatzeko premiarik gabe. Edozein kasutan ere, sailak berak onartu zuen ohar hori IATren emakida zuen enpresak berak burutu zuela, Industria eta Energia Ministerioak emandako jarraibideak bete ahal izateko.

Hori dela eta, iradoki zitzaion erreklamazio egileari egiaztagiri bat helarazteko beharrezko zereginak aurrera eramatea, arrazoi hori zela-eta beraren kontra hasitako zehapen prozeduran erabili ahal izateko.

Aurreko urteetan legez, Arartekori igorri zaizkio merkataritzako jarduerari lotutako gaiak, zehatzago esanda, elkarlehia askea egikaritzeari darizkion gatazkak. Horrela bada, planteatu da okindegi eta supermerkatuetan aldizkariak eta egunkariak saltzeak arazoak sortarazten dizkiola prentsaren salmentarekin arduratzen den arloari. Honen inguruan adierazi beharra dago elikagaietako establezimenduetan prentsa saltzeak ez duela ekarri behar kontrolerako erakunde honen esku-hartzea. Izan ere, herritar partikularrek aurrera eramaten duten merkataritza jarduera bat besterik ez da eta indarreko legeriak bi jarduerak lokal berean bateratzea baimentzen du osasun eta higienearen ikuspuntutik, abenduaren 24ko 318/1996 Dekretua indarrean sartu zenez geroztik; izan ere, horrek indargabetu du elikagaien eta prentsaren salmentaren zein ogiaren banaketa eta merkataritza araubidea arautzen duen dekretua.

Herritarrek, kontsumitzaile eta erabiltzaile modura duten gero eta kontzientzia handiagoaren ondorioz, erakunde honetara helarazi ohi diote Eusko Jaurlaritzako In- dustria, Merkataritza eta Turismo Sailari aurkeztutako kontsumo erreklamazioen gaineko ebazpenen desadostasuna; bat ez etortze hori sortzen da ebazpenetan agertzen den hizkuntza teknikoaren ezagupen faltagatik. Hori dela eta, iaz erakunde honek sail horri gomendatu zion ebazpen horietan erabiltzen den terminologia herritarrei errazteko ahaleginak egin ditzan.

Erakundeak kontsumo erreklamazioetan jarduteko duen tarte txikia kontuan hartuta, kasu horietan herritarrei argitu eta azaltzen zaie zeintzuk diren sail honek dituen bitartekaritza zereginak, baldin eta planteatutako kasuak kontsumoaren inguruko gairik urratzen ez badu.

1.2. AUKERATUTAKO KEXAK

A) Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza

Gutxieneko distantziak baso landaketen kasuan (794/2000)

• Erreklamazioa

Bizkaiko udalerri batean dagoen etxebizitza bateko titularrak Arartekori igorri zion Nekazaritzako Foru Diputatuaren ebazpen bat; izan ere, horren bitartez adierazten zen ez zegoela urraketarik ez eta erantzukizunik ere baso landaketen eta alboko finken arteko distantziei buruzko zehapen espedientean.

Ebazpen horren arrazoietan ageri zen insignis pinuak landatu zireneko finka ez zela salatzailearen etxebizitzaren finkako mugakidea, bien artean auzo bidea zegoelako.

Ukitutakoak, ordea, uste zuen 101/1994 Dekretuak gutxieneko distantzien inguruan ezartzen duen araubidea aplikatzeko modukoa zela; izan ere, arauaren helburua kalteak saihestean baitatza, bai nekazaritzari bai inguruko eraikinei egin dakizkiekeen kalteak, alegia.

• Azterketa

Foru dekretu horren helburua baso ustiategi eta nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiak bateragarri egitean badatza ere, arauaren gutxieneko distantzien araubidea aplikatzeko baldintzetariko bat da lursailak mugakideak izatea, hau da, ukitutako lursailak elkarren ondoan, alboan edo mugan egotea. Horrela bada, kokapen geografikoa hori ez zen kasu honetan ageri, bi finken artean auzo bide bat zegoelako.

Era berean, mendiei buruzko eta babestutako natur guneak administratzeko 3/

1994 Foru Arauak, 101/1994 Dekretuari estaldura ematen dionak, 105.1. artikuluan ezartzen du ukitutako lursailak mugakideak izatea beharrezkoa dela, Foru Dekretuaren 1. artikuluan ezartzen duen bezala.

• Emaitza

Foru arauaren eta berori garatzen duen dekretuaren hitzez hitzeko ezarpena zein den ikusi eta gero, argi dago bi testuen egileen asmoa gutxieneko distantzien gaineko araubidea aplikatzea izan dela, betiere finkak elkarren alboan daudenean. Horrela bada, baso ustiapenaren mugakidea den elementuak zehaztuko du zein den errespetatu beharreko gutxieneko distantzia, horiek larreak, bideak, basoak edo etxebizitzak izanda ere.

Horrenbestez, aintzat hartu behar da arau juridikoak hitzen zentzuaren arabera interpretatu behar direla eta banaketa erregimen bat ezartzeak lurren ustiapen ahalmenak eta, ondorioz, jabetza eskubidea ere murriztea dakarrela, ustiapenari ezartzen zaion muga hori ezin da inola ere zabaldu arauak ohartemandako ezarpenetatik harantzago.

Hori dela eta, ukitutako pertsonari jakinarazi zitzaion, gure ustez, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren jarduera indarreko arautegiaren araberakoa izan zela.

B) Kontsumoa

Erabiltzaileak eta azken kontsumitzaileak (410 /2000)

• Erreklamazioa

Taxilari batek Arartekori kexa bat aurkeztu zion, Industria, Merkataritza eta Turis- mo Sailak gaitz iritzi ziolako taximetroa instalatu zion tailerraren kontrako erreklamazioari;

erreklamazio hori aurkeztu zuen, taximetroan kontsumitzaile eta erabiltzailearen izaera bereizten ez zirelako.

• Azterketa

Kontsumitzaile eta erabiltzaileak defendatzeko uztailaren 19ko 26/1984 Legearen lehenengo artikuluak ezartzen du zein pertsonari aplikatuko zaizkion bertan zehaztutako bermeak. Horrela, legearen idazkerak ez du kontsumitzaile eta erabiltzailearen arteko

kontzeptu argirik zehazten, betiere zerbitzu edo produktu bat kontsumitu edo erabiltzen duen pertsona fisiko edo juridikoari buruzko kontzeptuari dagokionez. Aitzitik, arauak ezarritako babes eremua murrizten du eta produktu edo zerbitzuen azken erabiltzaile eta kontsumitzaileetara mugatzen du.

Zehatzago, lege horren 1. artikuluak ondoko hau ezartzen du:

“2. Lege honen ondorioetako, kontsumitzaile edo erabiltzailetzat jotzen dira ondasun higikor edo higiezinak, produktuak, zerbitzuak, jarduerak edo funtzioak azken hartzaile gisa eskuratu, erabili edo gozatzen dituzten pertsonak fisiko edo juridikoak, betiere horiek ekoiztu, eskuragarri jarri, hornitu edo luzatzen dituztenen izaera publikoa edo pribatua, banakakoa edo kolektiboa edozein izanik ere.

3. Ez dira kontsumitzaile edo erabiltzailetzat jo beharko, azken hartzaileak izan barik, ondasunak edo zerbitzuak eskuratu, bildu, erabili edo kontsumatzen dituztenak, betiere ekoizpen, transformazio, merkaturatze edo gainerakoentzako prestazio prozesuetan sartzeko asmoz.”

Hori dela eta, arau horren arabera, produktu edo zerbitzu baten azken kontsumitzailea da bere, familiaren edo etxerako erabilerarako ondasuna eskuratu edo zerbitzua ordaintzen duena. Oso modu errazean adierazita, esan liteke azken kontsumitzailetzat hartzen dela ondasuna etxean kontsumitzeko eskuratzen duena.

Taximetro baten erabilerak zentzua hartzen du garraio zerbitzu baten prestazioaren markoaren barruan; izan ere, taximetroa ibilbidea neurtzeko tresna da eta haren erabilera lanbide jarduera zehatza garatzera mugatzen da. Esan nahi baita, taximetroa ekoizpen ekonomikoaren prozesu zehatz baten elementua baino ez da, kasu honetan taxi batena.

Kasu honi ondorengo honi emango litzaiokeen tratamendu bera ematen zaio:

torlojuak egiten dituen enpresa bati trokela hondatu zaio eta tresna hori konpontzeko teknikari batekin kontratatzen du zerbitzua. Tresna hori torlojuak ekoizteko prozesuan erabiliko denez (hau da, kontsumitzaile eta erabiltzaileak defendatzeko Legeak adierazi bezala, tresna ekoizpen prozesuan sartzen denez), zerbitzuaren kontsumitzailea (enpresa burua) ez da konponketa zerbitzuaren azken kontsumitzailea. Horrenbestez, legeak adierazten duen legez, ez zaizkio aplikatu behar izango ondasun eta zerbitzuen azken kontsumitzaileei arauak aintzatesten dizkien bermeak.

• Emaitza

Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren erabakian ez legezkotasunik ikusi ez arren, ukituari azaldu nahi izango diogu modu errazean zein den ebazpen laburraren zergatia.

C) Industria

Etxeko erabilerako gasa banatzearen ondorioz sortutako arazoak (125/2000)

• Erreklamazioa

2000ko otsailean gas butanoa banatzeko arazoak egon zirenean, herritar batek erakunde honi planteatu zion, batetik, banaketa zerbitzu egoki baten prestazio falta eta,

bestetik, etxeko erabilerarako gas bonbonak (butanoa, metanoa...) garraiatzeko ibilgailu partikularraz baliatu behar izatea.

• Azterketa

Baliabide energetiko honen prestazioa enpresa hornitzaile baimenduei dagokie.

Enpresa horiek behartuta daude hornidura zerbitzua eskatzen duten pertsona guztiei ematera, betiere 1.085/1992 Errege Dekretuak ezartzen duenaren arabera. Arautegi horren 25.2. artikuluak ezartzen du botiletan edo ontzietan egiten den horniduraren kasuan, “hornikuntza zerbitzua kontratatu duten erabiltzaileek eskubidea daukate gasa euren etxean eman dakien, eskabidea egin eta berrogeita zortzi orduko epearen barruan, jaiegunak zenbatu barik”. Baldintza horiek betetzen ez badira, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Lurralde Bulegoan salatu beharreko administrazio urratzea da. Edozein kasutan ere, ez betetze horrek erabiltzaileei kalte ekonomikoren bat badakarkie, horiek erreklamazioren bat plantea liezaiokete ardura duen enpresa hornitzaileari.

Merkantzia arriskutsuak garraiatzeko egokitutako ibilgailu bereziak erabiltzeko beharrizanari dagokionez, partikularrei gasa hornikuntza zentrotik garraiatzea ahalbideratzen zien aldarazpen bat zegoen. Horrela, urriaren 1eko 15/1999 Legegintzako Errege Dekretuak ibilgailu partikularretan 15 kilogramo gas eramatea baimentzen du, baldin eta beteta daudenean modu bertikalean eramaten badira eta horiek ez erotzeko beharrezko neurri egokiak hartzen badira.

• Emaitza

Beraz, aurrekariak aintzat hartuta, ez zegoen ezelako erregulartasunik euskal administrazio publikoek aurrera eramandako jardueran; beraz, azterketa hau erreklamazio egileari igorri eta gero, espedientea amaitutzat eman zen.

2. GIZARTE ONGIZATEA

In document EUSKO LEGEBILTZARRARENTZAKO TXOSTENA 2000 (página 102-107)