ALORREZ ALOR ETA TALDE BATZUEN ARAZOEI
A) ARARTEKOAREN JARDUERARIK GARRANTZITSUENE- TAKO BATZUK ALORREZ ALOR
2. GIZARTE ONGIZATEA 1. SARRERA
2.2. AUKERATUTAKO KEXAK
2. GIZARTE ONGIZATEA
familiarekin bizitzeko. Herri berrian urtebete zeramanean, bere egoera fisikoak okerrera egin zuen eta hirugarren adinekoentzako egoitza batean sartzeko eskaera egin zuen. Ez zen herritar horren beharra zalantzan jarri, baina udal ekarpen ekonomikoaren arazoa sortu zen.
• Azterketa
Bai Gipuzkoako Foru Aldundiak eta baita eskaeraren erantzukizuna dagokien udalek ere euren lurraldean bost urtez erroldatuta egotea eskatzen dute (Aldundiaren kasuan, gipuzkoarra izatea), egoitzetan sartzeko laguntza ekonomikoak jaso ahal izateko.
Herritar horren kasuan, beraz, Foru Aldundiak bere gain hartu zuen egoitzako plazaren kostutik berari ordaintzea zegokion zatia, eskatzaileak aipatu baldintza betetzen baitzuen. Baina udalari zegokion zatia zein udalek hartu behar zuen bere gain zehazterakoan sortu zen arazoa, hots, jatorrizko udalak edo helmugazkoak ordaindu behar ote zuen erabakitzerakoan. Izan ere, eskatzailea ez zen jada lehenengoko biztanlea, baina ez zeramatzan bost urte bigarrenean bizitzen ere ez.
• Emaitza
Gipuzkoako Foru Aldundiak jarduketa jarraibide batzuk egin zituen horrelakoetarako, Gipuzkoako udalen arteko elkarlan eredu gisa. Agiri hori EUDELen (Euskal Udalen Elkartearen) Gipuzkoako Lurralde Batzordeak onartu zuen.
Azkenean, zenbait negoziazioren ondoren, aipatu bi Udalek jarraibideak ezartzea onartu zuten. Kasu horretarako, jarraibideek honakoa diote: hasieran, jatorrizko udalak ordainduko du egoitzako plazaren finantzaketa zatitik udalari dagokion guztia, eskatzailea udal hartantxe egon baita erroldatuta denbora gehien. Baina behin eskatzaileak helmugazko udalean erroldatuta bost urte bete ondoren, udal horrek hartuko du bere gain dagokion finantzaketa zatia.
⇒ Hirugarren adinekoentzako eguneko atentzio zentroetan jolas-jarduerak antolatzeaz (983/1999)
• Erreklamazioa
Herritar batek Arartekoari zuzendutako kexa baten arabera, Gasteizko Udalaren menpe dagoen hirugarren adinekoentzako eguneko atentzio zentro batera jotzen dutenek jarduera okupazional gutxi egiten dituzte. Herritar horrek zioenez, zenbaitzuetan, zentro horretara jotzen dutenek inolako jarduerarik egin gabe ematen dute eguna. Azaldu zigunez, lagun horiek zentroan bertan burututako aisialdiko jarduerekin pasatu nahiko lukete denbora, baina ez omen dira ausartzen egoerarekiko desadostasunik agertzen, hori eginez gero zentroko langileek erakutsi dezaketen atsekabearen beldur.
• Azterketa
Arartekoak Gasteizko Udalari igorri zion kexa, bere iritzia eskatuz. Udalak emandako erantzunean, langileen eta ezaugarrien berri izan zuen Arartekoak. Halaber, jardueren asteko programa bidali zigun, gure ustez nahikoa ona, beti ere ondo burutuz gero.
• Emaitza
Aurreko informazio guztia kexa adierazi zigunari agertu zion Arartekoak, eta herritar horrek adierazi zigunez, atentzio zentroaren egoera nahikoa hobetu zen bera kexatutako alderdiei zegokienez. Horren aurrean, txostena itxi genuen.
Kasu honetan, Arartekoak informazioa eskatzeak Udala salatutako gabeziez arduratzeko balio izan du.
B) Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa
⇒ Gizarteratzeko Gutxieneko Laguntza eta Gizarte Larrialdietarako Laguntza eskatzen duenaren errolda helbidearen eraginaz (1419/1998)
• Erreklamazioa
Herritar batek Arartekoaren iritzia jaso nahi izan zuen Gasteizko Udalarekin izandako honako auzi honi buruz: dirudienez, aipatu herritarrak Gizarteratzeko Gutxieneko Laguntza eta Gizarte Larrialdietarako Laguntza eskatu zituen Gasteizko Udalean, eta erakundeak, berriz, laguntza horiek jasotzeko eskubidea ukatu zion, besteak beste, herritarra erroldatuta zegoen helbidea ez zelako bere benetako bizilekua, udalbatzaren iritziz.
• Azterketa
Arartekoaren ustez, aurkeztutako auziak lotura estu eta zuzena zuen laguntzak jaso ahal izateko betebehar batzuk ez egiaztatzearekin. Izan ere, Udalak Gizarteratzeko Gutxieneko Laguntza jasotzeko eskubidea ukatzearen arrazoia honakoa izan zen:
erreklamazioa egin zuenak ez zuela frogatu laguntza eskaera egin baino urtebete lehenago etxebizitza independente bat zuenik. Gizarte Larrialdietarako Laguntza jasotzeko eskubidearen ukapenaren arrazoia, berriz, hauxe izan zen: udal zerbitzuen ustez, eskatzailea ez zela benetan bizi erroldatuta zegoen helbidean. Azken batean, beraz, bi kasuetan arazo berberaren aurrean aurkitu ginen: bizilekua eta helbidea ez frogatzea, alegia.
Toki Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 16.
artikuluak –urtarrilaren 10eko 4/1996 Legeak emandako idatzian– hauxe xedatzen du:
“Udal errolda udalerri bateko biztanleak jasota dauden erregistro administratiboa da. Bertan ageri diren datuek frogatuko dute udalerrian bizi izatea eta udalerriko ohiko helbidea. Datu horietaz egiten diren ziurtagiriak agiri publiko izaera izango dute eta eragin administratibo guztietarako fede emaileak izango dira”. Halaber, arau horrek aurreikusten duenez, udal erroldak derrigorrez jaso beharko du, besteak beste, ohiko helbidea. Arau horretako 15. artikuluak, gainera, Espainian bizi diren guztiei ezartzen die ohiz bizi diren udalerriko erroldan izen emateko betebeharra. Aurreikuspen horiek Biztanleriari eta Lurralde Mugapenari buruzko Araudian islatu dira (53, 54 eta 57. artikuluetan), abenduaren 20ko 2.612/1996 Errege Dekretuak ezarritako aldaketaren arabera. Aipatu arauak kontuan izanik, honako ondorio ezinbestekora iritsiko gara: “eragin administratibo”etarako, udal erroldako datuak eztabaidaezinak dira, bertan jasotzen den informazioa egiazkoa ote den auziari dagokionez.
Udal erroldako informazioa ez da inolaz ere aldagaitza; are gehiago, errealitatearekin bat etorri behar du, kontuan izanik zer-nolako eragina izan dezaketen hiritarrengan bertan ageri diren datuak. Hori dela eta, Toki Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 17. artikuluak hauxe xedatzen du: “Udalek egin beharreko jarduerak eta lanak egingo dituzte euren Erroldak eguneratuta izateko, bertan jasota dauden datuak errealitatearekin bat etor daitezen”. Eta gauza bera adierazten du Biztanleriari eta Lurralde Mugapenari buruzko Araudiak ere, bere 62. artikuluan. Hori horrela, bizilagunek jakinarazitako errolda datu aldaketak zein udalek bestela lortutako aldaketak (bai berak egindako lanen bidez, bai beste administrazio publikoen bidez jakindakoak – BLMAren 68 eta 69. artikuluak–) erroldaren idazpenetan eguneratuta islatu behar dira.
Dena den, erregistroko datuak eguneratzeko prozedura hori ezin da burutu datuak aldatuko zaizkionak horren berri izan gabe.
BLMAren 69.2. artikuluak honakoa xedatzen du: “Eguneraketak egingo diren guztietan, Udalak aldaketak dagokien bizilagun guztiei erroldako norbere datuen berri eman beharko die, bizilagunek jakin dezaten eta egin beharreko zuzenketak edo aldaketak jakinaraz diezazkioketen”. Bestalde, arau bereko 72. artikuluak dioenez,
“Udalek baja emango die ofizioz, izen emate okerragatik, Araudi horretako 54.
artikuluan xedatutako baldintzak ez betez erroldatuta daudenei, behin egoera hori dagokion espedientean egiaztatutakoan, non interesatuari audientzia emango zaion”.
Aurreko arauetan zehazten diren aurreikuspenek administrazio publikoek udal erroldako datuak eguneratzeko kudeaketa jarduerak burutzeko aukera eta beharra planteatzen dute, beti ere interesatuei horren berri emanez gero. Datuak aldatu zaizkienei horren berri eman ez zaieneko aldaketak hainbat epaitan jaso dira, besteak beste, Errioxako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzi Prozesuetarako Epaiketa Gelaren 1995eko ekainaren 13ko Epaian.
Gasteizko Udalak bideratutako espedientean, interesatuak baieztatu zuen 1997ko apiriletik urrira arte herritik kanpora zegoen senide baten etxean bizi izan zela eta, 1997ko urritik, Gasteizko beste helbide batean bizi dela, nahiz eta 1998ko otsaila arte ez zen erroldatu azken helbide horretan. Aipatu datara arte bere gurasoen etxeko helbidean erroldatuta zegoen, Gasteizen hori ere. Udal zerbitzuek, hala eta guztiz ere, ez zioten froga baliorik eman interesatuak bere senidea Gasteiztik kanpo bizi zela frogatzeko asmoz aurkeztutako agiriari -zehazki, senideak izenpetutako idatzi bat- eta erroldako datuak fede emaileak ez zirela uste izan zuten, alegia, interesatua ez zela bizi berak adierazi zuen etxebizitzan. Horren ondorioz, etxebizitza independentea zuela onartzeari uko egin zioten (Gizarteratzeko Gutxieneko Soldata arautzen duen maiatzaren 3ko Legearen 3.a) artikuluak eskatuko lukeen bezala) eta baita interesatuak bere etxebizitza zuela onartzeari ere, zeinen gastuei aurre egin beharko liekeen.
Erroldako datuak egiazkoak ez direla esateko, froga nahikoak eta egokiak aurkeztu behar dira eta, beraz, ulertzekoa da udal zerbitzuek ez ematea sinesgarritasun nahikorik interesatuak aurkeztutako idatziari, hots, 1997ko urritik kanpoan bizi zela frogatzeko asmoz aurkeztutakoari. Halere, Arartekoaren ustez, ez da zuzenbidearen araberakoa udal erroldako datuen egiazkotasuna ukatzea. Izan ere, Gasteizko erroldako datuek adierazten dutenez, 1998ko otsailetik interesatuaren ohiko helbidea berak azaltzen duenaren berbera da. Ondorio horretara iristen gara, udal erroldako idazpenetako datuen egiazkotasunaren ex lege presuntzioa kontuan izanez gero. Lehenago esan bezala,
erroldako datuak eguneratuak izan daitezke eta izan behar dute, errealitatearekin bat etor daitezen. Eta horrelako erabaki bat hartzeko, behar-beharrezkoa da interesatuari audientzia ematea. Aldaketa espedientearen izapideak egin arte, ordenamendu juridikoaren aurreikuspenen arabera, bertako datuak egiazkotzat hartu beharko dira.
Hori horrela, beraz, udal zerbitzuak jakitun bazeuden kexaren eragilearen ohiko helbidea ez zela udal erroldan agertzen zena, egin beharreko aldaketak egiteko prozedurarako izapideak egin beharko lituzke, beti ere aurretik interesatuari audientzia eman ondoren eta akordio horretara iritsiz gero. Ordura arte, udal zerbitzuek dituzten txostenei kalterik eragin gabe, interesatuaren helbidea, horren eraginetarako, udal erroldan agertzen zena zen.
• Emaitza
Aurreko guztia kontuan hartuta, Gasteizko Udalari honako gomendio hau zuzendu zitzaion: Gizarte Gaietarako Sailaren Zinegotzi Ordezkariaren erabakia ofizioz berrikus zezala, hots, eskatzaileari Gizarteratzeko Gutxieneko Soldata, Gizarte Larrialdietarako Laguntza eta elikadurarako udal laguntza jasotzeko eskubidea ukatu zitzaion erabakia berrazter zezala, xedapenei dagokien eragin egokiak kontuan hartuz, eta horretarako kontuan izan beharko lukeela interesatuaren helbidea udal erroldako idazpenetan agertzen dena zela. Gasteizko Udalak, Arartekoaren zerbitzuekin harremanetan jarri ondoren, gomendioa onartu egin zuen. Espediente kontraesankorra esku artean, interesatuaren helbidea udal erroldan agertzen dena zela onartu zuen, eta Gizarte Larrialdietarako Laguntza eman zion.
C) Eduki ekonomikoko gizarte sariak
⇒ Herritar baten adierazpena, elkarrekin bizi ziren lagun kopuruari buruzkoa, ez zetorren bat udal erroldako datuekin (2607/1998)
• Erreklamazioa
Erretiro pentsio ez kontributiboa jasotzen zuen herritar batek Gipuzkoako Foru Aldundiaren honako erabakia jaso zuen: pentsioa jasotzen jarraitzeko eskubidea kentzen zitzaiola. Gainera, aurreko bost hilabeteetako (1998ko urtarriletik maiatzera bitarteko) soldatak bidegabe eman zizkiotela ere iritzi zuen erabakiak eta, beraz, hilabete horietako kopurua itzuli behar zuela adierazten zitzaion. Hartutako erabakiaren arrazoia honakoa zen: dirudienez, familiako kide kopurua gutxiagotu egin zen eta, egoera berrian, familiaren sarrerak handiagoak ziren legeak familia kopuru horretarako ezarritako sarrera kopurua baino.
Halaxe izan zen, bai, familia osaera aldatu egin zen. Baina interesatua eta Administrazioa ez zetozen bat aldaketa horiek noiz jazo ziren zehazterakoan.
• Azterketa
Interesatuak zioenez, bere senarrarekin bizi zen eta, 1998ko maiatzaren 12ra arte, bere alaba eta biloba ere euren etxean ziren. Esandakoa frogatzeko, errolda ziurtagiri bat aurkeztu zuen.
Aldundiak zioenez, berriz, gutxienez urte bereko urtarrilaren 1etik aurrera, senar- emazteak bakarrik bizi ziren. Interesatuak bere egoera eta diru sarreren berri emanez aurkeztutako urteko banakako aitorpenean oinarritzen zen Aldundia horrelakorik uste izateko (pentsioa jasotzen duen orok derrigorrez aurkeztu beharrekoa). Aitorpenean zioenez, bizikide bakarra senarra zuen.
Bi agiri ditugu, beraz, kasu honetan: alde batetik, errolda ziurtagiria (egiazkotzat eduki beharrekoa), eta bestetik, interesatuak berak egindako aitorpena. Eta bi agiriek datu kontraesankorrak ageri dituzte. Hori zela eta, Aldundiari informazio gehiago eskatu zitzaion.
• Emaitza
Aldundiak adierazi zigunez, interesatuak aitorpena aurkeztu zuenean, maiatzaren 8an, bere kasuaz arduratu zen funtzionarioa ohartu omen zen familiako osaera ez zela aurreko urteko aitorpenekoaren berdina. Horren aurrean, interesatuak funtzionarioari ahoz adierazi omen zion aldaketa urtarrilean jazo zela eta, ordutik, bere senarra eta biak bizi zirela soilik etxean. Adierazpen horrek berretsi egiten zuen interesatuak sinatutako aitorpena eta funtzionarioak halaxe jaso zuen espedientean. Froga hori helarazi zigun Aldundiak.
Horregatik guztiagatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarduera ez zuen bidegabetzat jo Arartekoak.
⇒ Zigorra gizarte laguntzetarako gastua epez kanpo justifikatzeagatik (173/1999, 199/1999 eta 531/1999)
• Erreklamazioa
Hiru espedienteren izapideak egin dira honako kexa hau dela eta: Donostiako Udalak 1999ko lehenengo seihilekorako gizarte larrialdietarako laguntza eskatu zuten hiru herritarrei eskaera ukatu zien, 1998ko bigarren seihilekoan jasotako diru laguntzaren gastuen egiaztagiriak epez kanpo aurkeztu izanagatik.
Udalak etxebizitza alokairurako diru laguntza eman zitzaiela jakinarazi zien interesatuei. Idatzi horretan, 1998ko uztailean bidalia, ondorengoa ere ohartarazi zitzaien, besteak beste: bigarren seihilekoari zegozkion gastuen egiaztagiriak abenduan zehar aurkeztu behar zituztela eta, hori egin ezean, ez zitzaizkiela hurrengo urterako eskaeren izapideak egingo.
Arartekora jo zuten hiru herritarrek 1999ko urtarrilaren hasieran aurkeztu zituzten aipatu gastuen egiaztagiriak, urte horretarako diru laguntzetarako eskaerak aurkeztu zituztenean, hain zuzen ere, etxebizitza alokairurako laguntza eskaerak barne. Udalak, alabaina, lehenengo seihilekorako diru laguntza eskaerak onartzeari uko egin zion, honakoa alegatuz: aurreko ekitaldiko egiaztagiriak epez kanpo aurkeztu zirela eta eman zitzaiela interesatuei horren berri 1998ko uztailean bidalitako idatziaren zein egunkarietan argitaratutako iragarkien bidez.
• Azterketa
Arartekoaren ustez, bi epeen arteko bost hilabeteak, hots, uztailetik (Udalak bere idatzi bakarra bidali zuenetik) abendura (herritarrak gastuaren egiaztagiriak aurkeztu
behar zuenera) arteko bost hilabeteak denbora askotxo da, bestelako ohartarazpenik gabe, betebehar formal bat ez betetzeak interesatuengan hain ondorio latzak eragin ahal izateko. Are gehiago baliabide pertsonal eta ekonomiko urriko herritarrez ari garenean, diru laguntzarik ez jasotzeak eragin nahikoa handiagoa baitu horiengan beste batzuengan baino.
Gure ustez, egunkarietan iragarkien bidez jakinarazpen publikoak egitea ez da, horren bidez soilik, nahikoa, ez baita ziurra interesatuek horren berri izango dutenik.
Beraz, desoreka argia zegoen, gure ustez, Udalak egindako jardueraren eta, agindutakoa bost hilabete beranduago zehazki bete ezean, herritarrari ezarritako ondorioen artean.
Bestalde, hartutako erabakia diru laguntzen helburuen eta filosofiaren aurkakoa zela iritzi genuen -eskasia egoerak arintzea-, eta baita ezarritako zigorrek nahi ez ziren ondorioak sortaraz zitzaketela ere.
Udalak, Arartekoaren informazio eskaeraren erantzunean, lehenagokoari eusten zion: interesatuak jakitun zeudela egiaztagiriak epea baino lehen aurkeztu beharraz, betebehar hori familia osoarena zela eta udal zerbitzua bertan aurkeztutako auzi guztiez arduratzen zela. Dena den, gizarte zerbitzuek kasuen segimendu handiagoa egitea komenigarria zela onartu zuen, hori bai, eta presazko gaia zela iritzi bazion ere, une hartan antolaketa eta giza baliabide arazoak zituztela adierazi zuen eta auzi hori epe ertainera konpondu ahal izango zela azaldu zuen.
• Emaitza
Arartekoak honako gomendio hau luzatu zion Donostiako Udalari: hartutako erabakia, hots, hiru herritarrek aurtengo lehenengo seihilekorako diru laguntza jasotzeko egindako eskaeren izapideak ez egiteko erabakia, berrikus zezala. Gomendio hori ez zen onartua izan.