• No se han encontrado resultados

EL LIMITADO IZENEKO LUR-MULTZOAREN INGURUKO GATAZKA: ARARTEKOAK ARTEKARI GISA JARDUTEA

In document EUSKO LEGEBILTZARRARENTZAKO TXOSTENA 1999 (página 130-134)

ADINEKOEN NAZIOARTEKO URTEA” GAIARI BURUZKOA

4. EL LIMITADO IZENEKO LUR-MULTZOAREN INGURUKO GATAZKA: ARARTEKOAK ARTEKARI GISA JARDUTEA

ARAMAIO ETA OTXANDIOKO UDALEN ARTEAN ETA ARA- BA ETA BIZKAIKO FORU ALDUNDIEN ARTEAN

El Limitadon kokaturiko lur batzuen jabeak kexa azaldu zuen eta, harrezkero, Arartekoari azaldu zaio historian zehar lur–multzo horretan izan den gatazka. El Limitado 565 hektareako ingurunea da; XIII edo XIV. mendeaz geroztik, ingurune horren gaineko jurisdikzioa eztabaidatu izan dute Aramaio (Araba) eta Otxandioko (Bizkaia) udalek.

Lur–multzo hori Otxandioko hiriaren eta Oleta izeneko nekazaritza–gunearen artean kokatuta dago (Araba). Hegoaldetik, lur–multzo hori Urrunagako urtegiaren isatsarekin mugakide diren mendietaraino hedatzen da; iparraldetik, aldiz, Abadiñoko udalerriraino, Urkiolako portura doan errepidearen aldamenean.

Ehun urteko gatazka hori konpondu nahian, lehenengo ahalegina egin zen 1457ko ekainaren 2ko lagatze edo konkordia eskrituraren bitartez. Aramaioko Kondesak, Elvira de Leirak, bere semearen izenean, Otxandioko hiriko Kontzejuarekin sinatu zuen eskritura hori; garai hartan, Otxandioko Juan Pascualek zuen kontzejuaren burutza.

“...en el dho nombre del dho Juan Alfonso otorgamos e conoscemos que des- de agora en adelante para siempre jamás, damos e entregamos perpetuamen- te al Concejo de la villa de Ochandiano e a los vecinos e personas singulares del uso e fruto e aprovechamiento de todas o cualquier tierra o tierras e terre- nos e frutos e frutales que llevan fruto y llevan e aguas corrientes e estantes e yerbas e pastos de herbajos e bellotas de robres e lio de hayas e de otro cual- quier arbol de cualquier natura en estos linderos”.

Elvira de Leira andrearen semea, Aramaioko Jauna, on Juan Alfonso de Múgica y Butrón, bertara itzuli zenean, konkordia eskritura berretsi zuen, 1470eko ekainaren 20an.

Itun horren ondorioz, Aramaioko Jaunak zenbait eskubide aitortu zizkien Otxandioko hiriko auzotarrei. Eskubide horien artean aipa daitezke, besteak beste, abelburuentzako bazka eskubidea, eta etxe nahiz burdinoletarako zura mozteko eskubidea.

Eskubideok hiriaren aldameneko mendietan erabil zitezkeen eta, mendiok guztiz mugatuta geratzen zirenez gero, hortik dator gaztelaniazko izena El Limitado izatea.

XVI eta XVII. mendeetan zehar, Aramaio eta Otxandioren artean gatazka ugari izan zen. Alderdi bakoitzak bere buruarentzat erreklamatzen zuen El Limitadoren gaineko jurisdikzioa. Valladolideko Gantzelaritzak eta Bizkaiko Epaile Nagusiak euren irizpenak eman zituzten arazoari buruz. Judizio horietan, arazo zehatz–zehatzak azaltzen ziren eta, gaur egun, garai hartatik hona hainbat urte igaro eta gero, arazo horietatik nekez atera daiteke behin betiko ondoriorik, El Limitadoko lur–multzoa nori atxiki behar zaion erabakitzeko.

Judiziozko epai horietako bat betearaztearen ondorioz, 1754. urtean ohitura gisa ezarri zen Otxandioko udalak, hiri horretako auzotarrekin batera, urtero–urtero bisita bat egitea, El Limitadoko zedarriak edo mugak ikuskatzeko; ikuskapen horren gaineko lekukotza akta–liburuan jasotzen zen. Ohitura horrek iraun egin du gure egunok arte eta, orain ere, ikuskapena irailean egin ohi da.

Udalek zergak biltzen zituzten, euren lurraldeen arabera eta foru aldundien bitartez.

Bilketa horrekin, udalek laguntza ematen zuten Espainiako Koroaren gerra–gastuetarako.

Bilketa hori dela eta ez dela, Aramaio eta Otxandioko auzotarren artean, gatazkak eta eztabaidak areagotu egin ziren. Borroka larriagoak saihestu nahian, XIX. mendearen bukaera aldera, Araba eta Bizkaiko foru aldundiek, udalen adostasunarekin, tartekari bat bilatzea erabaki zuten, arazoa konpontzeko. Tartekari lana eratxiki zion, bada, Gipuzkoako Foru Aldundiari.

1911ko urriaren 12an, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere egin zuen horretarako beren beregi izendatutako batzorde bereziaren txostena. Txosten horretan, Aramaioko Haranari aitortu zitzaizkion El Limitado izeneko lur–multzoaren gaineko jurisdikzioa eta kotribuzioen ordainarazpena. Bizkaiko Foru Aldundiak ez zuen inoiz onartu tartekariaren erabakia; bizkaitarren ustez, batzorde bereziak ez zuen bete itundutako prozedura eta, ondorenez, batzorde horren erabakia baliorik gabekoa zen.

Hogeigarren mendearen azken hogeita bost urteotan, administrazio interesatuen artean hainbat elkarrizketa izan dira, une desberdinetan; baina ez da oraindik emaitza positiborik lortu.

* * *

Nabarmentzeko modukoa da Otxandioko udal zerbitzu eta instalazio nagusiak, besteak beste, ikastetxea bera, El Limitado izeneko lurretan izatea; gauza bera gertatzen da, orobat, udaleko kirol instalazioekin. Egoera hori ulertzeko, aintzakotzat hartu behar da ibai batek baino ez dituela bereizten Otxandioko hirigunea eta El Limitado izeneko lur–multzoa. Aramaioren kasuan, ostera, Ibarran dagoen udaletxetik El Limitado izeneko horretara, 12 kilometro daude, gutxi gorabehera.

Arazoa ulertzeko, beste datu garrantzitsu bat da Aramaio udalerri zabala izatea;

gutxi gorabehera, Aramaiok 7.410 hektarea ditu. Otxandio, berriz, udalerri txikia da;

654. hektareako luze–zabala besterik ez du.

Administrazioak ez duenez argitu El Limitadoko lur-multzoa zein udali atxiki behar zaion, horren inguruan hamaika istilu sortu da, batik bat, zergen inguruko kontuetan. Adibide gisa, honako hau aipa daiteke: El Limitado izeneko lur–multzoa Aramaioko eta Otxandioko, bi–biotako, katastroetan agertzen da. Ondorenez, Arabako eta Bizkaiko ogasunek, biek, ondasun higiezinen gaineko zergak biltzen dituzte, tributu hori jadanik beste lurraldeko ogasunari ordaindu zaion ala ez kontuan hartu gabe. Era berean, arazoak sortzen dira, hirigintza antolamenduaren inguruan edota obretarako baimenak emateko orduan, ezin baita jakin zein den udal eskuduna halako kontuetan. Gauza bera gertatzen da, orobat, legearen aurkako obrak ikuskatu eta horien gaineko zehapena ezarri behar denean. Halaber, noizean behin, bestelako arazoak azaltzen dira, berbarako, Erregistroaren inguruan; izan ere, finka batzuk Gasteizeko Jabetza Erregistroan inskribatuta daude eta beste batzuk, aldiz, Durangoko Jabetza Erregistroan.

* * *

Arazoa oso konplexua denez gero, Arartekoak bere burua eskaini zuen, erakunde interesatuen artean tartekari gisa jardun eta, horrela, konponbide adostua bilatzeko.

Proposamenak harrera ona izan zuen, eta lau alderdi interesatuek erabakiak hartu zituzten, Arartekoaren bitartekaritza lana onartuz.

1. Aramaioko udala: osoko bilkuraren batzarraldia, 1998ko ekainaren 25ean 2. Otxandioko udala: osoko bilkuraren batzarraldia, 1998ko uztailaren 15ean 3. Arabako Foru Aldundia: Diputatuen Kontseilua, 1998ko ekainaren 16an 4. Bizkaiko Foru Aldundia: Gobernu Kontseilua, 1998ko irailaren 15ean

Arartekoak, aurretiazko baldintza gisa, jarraikoa ezarri zuen: bitartekaritza lanak dirauen bitartean, gatazka oro saihestu beharra dago, gatazkarik txikiena bada ere.

Arartekoak proposatu zuen, halaber, judiziozko errekurtsoa behin-behinean eteteko;

izan ere, errekurtsoa auzian zegoen Euskal Herriko Justizi Auzitegi Nagusian (Administrazioarekiko auzibide errekurtsoa, 1956/96-2 zenbakiduna, Otxandioko udalak Arabako Foru Aldundiaren aurka jarritakoa, horrek Aramaioko Arau Subsidiarioetan El Limitado sartu zuelako). Gainera, Arartekoak proposatu zuen El Limitadoko auzotarrek askatatasunez aukeratzea zergak zein udaletan eta zein lurralde historikotan nahi dituzten ordaindu.

Arartekoak eskatu zuen, berebat, auzibidean zehar erabateko zuhurtasuna edo diskrezioa izatea; horrela, gaizki–ulertze kaltegarriak saihestu daitezke, elkarrizketa eta adostasunaren bidean aurrera egin ahal izateko.

Urtebete luzean, Arartekoak Gasteizen duen egoitza horretan, hainbat bilera egin eta bilera horretara joan dira lau administrazio interesatuetako ordezkariak. Bilerotan, aukera desberdinak aurrez aurre jarri izan dira. Azkenik, Arartekoak adostasunerako proposamen bat aurkeztu die alderdiei, epe barruan, alegia, 1999. urteko abenduan.

Adostasunaren bila, El Limitado izeneko lur–multzoa Aramaio eta Otxandioko udalen artean erdibanatzea proposatzen da eta, ondorenez, lur–zati hori Araba eta Bizkaiko foru aldundien artean erdibanatzea ere. Lur–multzo hori 565 hektareakoa denez gero, 283 Otxandioko udalari atxikiko zaizkio, hau da, ehuneko 50,12; eta 282 hektarea atxikiko zaizkio, ostera, Aramaioko udalari, hots, ehuneko 49,88.

Arartekoak zenbait irizpide erabili ditu banaketa hori egiteko. Irizpide nagusiak izan dira, besteak beste, hurrengoak:

- Baliokidetasun irizpidea: hedadura berekoak izango dira alderdiei adjudikatzen zaizkien lur–zatiak.

- Lurren artean etenik ez izateko irizpidea: lurren artean, ez da irla edo barrutirik sortu behar, eta zentzuzko itxura eman behar zaie lurroi.

- Hiriguneen garapenerako irizpidea: El Limitadoren aldameneko guneak, hau da, Oleta eta Otxandioko hiria, heda daitezen erraztu behar da.

- Mugak definitzeko irizpidea: banaketa–lerroa finkatzean, erreferentzia gisa hartu behar dira erraz antzeman daitezkeen osagai fisikoak, hala nola, ubideak eta errepideak.

Bitartekaritza prozesuak iraun duen bitartean, alderdiek benetan zuhur eta diskrezioz jokatu dute, eta administrazio guztiak, Arartekoaren koordinaziopean, elkarlanean aritu dira, zerga nahiz administrazioaren inguruko arazoei aurre egiteko, El Limitadoko auzotar eta jabeek halako arazoak azaldu izan dituztenean.

Banaketarako proposamen horrek, nahitaez, ondorioak sortzen ditu, El Limitadoko biztanleentzat. Proposamenak aurrera egiten badu, biztanle horiek guztiak Otxandion

sartuko dira ondorio guztiekin eta, horrekin batera, Bizkaiko lurralde historikoaren barne geratuko dira.

El Limitado izeneko gunean, baserri eta etxebizitza gutxi daude, eta guztiak ere Otxandioko hirigunetik hurbil. Horregatik, bertako biztanleei proposatzen zaie, zerbitzuak zein udalerritan jaso eta udalerri horretakoak izan daitezen. Kokapen zehatza hauxe izango da: Itza abeletxea (etxebizitza bakarra), Kerisara (lau etxebizitza), Mainondo (lau etxebizitza), Mainondo Garai (etxebizitza bakarra) eta Etxebarri (etxebizitza bakarra).

* * *

Ehun urteko arazo horri behin betiko konponbidea eman behar zaio. Hori dela eta, Aramaioko udalak jadanik adierazi du, akordiorik lortzen ez bada, demanda jarriko duela Euskal Herriko Justizi Auzitegi Nagusian; demanda hori jartzean, auzitegiak izango lirateke behin betiko erantzuna ematen dutenak, El Limitado izeneko lur–multzoa zein udali dagokion jakiteko. Auzitegien erabakiak berarekin ekarriko luke El Limitadoko lur–multzoa, oso–osorik eta zatiketa egiteko aukerarik gabe, Araba edo Bizkaian sartzea.

1999. urtea bukatzean, toki administrazio biek eta foru administrazio biek oraindik ez dute euren iritzia azaldu, Arartekoak aurkeztutako banaketa–proposamena onartzen duten ala ez adieraziz.

Aramaio eta Otxandioko udalek, eta Araba eta Bizkaiko foru aldundiek euren borondatea adierazi, eta Arartekoaren proposamena onartzen badute, nahitaezkoa izango da, jarraian, administrazio espediente egokiak tramitatzea, lurren arteko mugak aldatu direla behar bezala formalizatzeko. Horretan kontuan izan behar da mugak bi udalerri horiei dagozkiela, eta udalerriok lurralde historiko desberdinetakoak direla.

ARARTEKOAREN JARDUERARIK

In document EUSKO LEGEBILTZARRARENTZAKO TXOSTENA 1999 (página 130-134)