• No se han encontrado resultados

Ikasle etorkin taldeak jatorriaren arabera

In document MUGARIK GABEKO ESKOLA U (página 81-85)

3. Kapitulua: Ikasle etorkinak Haur eta Lehen Hezkuntzan

3.3. Ikasle etorkinak Haur eta Lehen Hezkuntzan

3.3.5. Ikasle etorkin taldeak jatorriaren arabera

Jatorri hispanoamerikarra duten ikasleak dira gutxiengorik handiena kontsultatu diren ikastetxe gehienetan (guztietan hirutan izan ezik, horietan magrebtarrak dira-eta gutxiengorik handiena).

Ikasle hispanoamerikarren taldearentzat hizkuntza bera izatea zerbait bateratzailea da argi eta garbi. Hala ere, ustezko berdintasun horren azpian aniztasun handia dago taldean, jatorri nazionalaren arabera, eta, azpitalde horien barruan ere, ikasle guztiek dituzten ezberdintasunak dituzte.

Araba osoan, gehiengoa Kolonbiatik etorritakoak dira, gero ekuadortarrak eta, alde handira, argentinarrak eta venezuelarrak eta, kopuru askoz txikiagoarekin, kubatarrak, boliviarrak, mexikarrak...

Ez da egin ezaugarrien azterketarik herrialdearen arabera, estereotipo nazionaletan erortzeko arriskua dagoelako, gutxiengo baten datuekin, eta azterketa-motagatik beragatik ez zelako erakusgarria izango. Ezberdintasunak kontuan hartuta, ezingo litzateke ondoriorik atera baliozko diagnostiko pedagogikoren bat egiteko. Herrialde berekoak diren arren, etortzen direnen maila akademikoan ezberdintasun handiak daude, hezkuntza-sistema beretik datozenean ere.

Kasu guztietan bezala, ezberdintasun logikoak sortzen dira norberaren gaitasunen ondorioz, eta ikasle guztiek dituzten aldagaien ondorioz.

Dena dela, guztiek duten ezaugarria da identitate linguistikoa. Faktore garrantzitsua da jatorri hispanoamerikarra duten ikasle etorkin guztien kasuan, eta euren alde egiten du hezkuntza-sisteman integratzerakoan. Baina azpimarratu behar da hizkuntza bera hitz egin arren, ezberdintasun dialektalak daudela. Ezberdintasun horiek esaten dena ulertzerakoan eragina izan dezakete batzuetan, erregistro intonatiboa eta fonikoa ezberdina delako, eta herrialdearen arabera hitzek esanahi ezberdinak hartu ditzaketelako.

Hegoamerikako ikasleen ulerpenean eragina izan dezakeela dio elkarte Afroamerikarraren bozeramaile batek :

“Irakasleek oso azkar hitz egiten dute eta ez dute pentsatzen ikasle hispanoamerikarrak, hemengoen hizkuntza bera hitz egin arren, beste intonazio eta erritmo batera ohituta daudela, eta, horren ondorioz, batez ere hasieran, ez dituzte ondo ulertzen eskolan ahoz esandakoak. Gainera, batzuetan, hitzak berberak izan arren, esanahi ezberdina dute itsasoaren ertz batean eta bestean, eta gaizki-ulertuak sortzen dira…”.

(Elkarrizketa pertsonala) 3.3.5.2. Afrika iparraldetik datozen ikasleak

Antzeko zerbait geratzen da jatorri magrebtarreko* edo ipar-afrikarreko gutxiengoarekin: jatorri geografikoaren bitartez izendatzeak ustezko homogeneitatea iradokitzen du, baina horren atzean aniztasun handia dago.

Nazionalitatearen arabera, alde handiz Marokokoak dira gehienak, eta, horren ostean, Espainiako kolonia izandako Saharatik datozenak, eta, neurri txikiagoan, jatorri aljeriarra dutenak.

Batzen dituzten ezaugarriak hauexek dira: ia denek hizkuntza bera dute, arabiera, bakoitzak bere ezberdintasun dialektalekin, eta erlijio bera ere badute, islama, bakoitzak jarraipen-maila batekin. Hala ere, hitz egiten diren dialektoak hain ezberdinak direnez, tarte gutxi uzten dute talde nazionalen arteko komunikaziorako, arabiera klasikoa dakitenean izan ezik, ikasi egin badute. Hasania izeneko arabiera hitz egiten zuten ikasle saharar batzuek adierazi zuten hitz gutxi batzuk bakarrik trukatu zitzaketela Marokotik etorritako ikaskideekin.

* Magreb: arabieraz, «eguzkia sartzen den lekua».

Adierazi behar da berberea hitz egiten duten ikasleen kolektiboa dagoela talde horren barruan, batzuetan inor ohartzen ez bada ere, eta ikasle horiek ezaugarri etniko eta linguistiko ezberdinak dituzte.

Berbereak Bartzelonako eskoletan

“Ahaztu egiten dugu denak ez direla arabiarrak, asko eta asko beste etnia batekoak direla: berberak. Hain zuzen, jatorrizko herrialdeko kultura eta hizkuntza nagusiaren arabera sailkatzen ditugu askotan heldu berriak, baina batzuetan kultura eta hizkuntza horiek euren zapaltzaileak dira. Are gehiago, gertatu daiteke etorkin horiek beren benetako kultura eta hizkuntza ezkutatzea, prestigio gutxi dutelako. Duela urte eta erdi inguru, Kataluniako eskola batzuetan egindako ikerketa baten berri eman zuten prentsan (Esquisabel, 2003). Ikertzaile-taldeak ume berbereen kopurua jakin nahi zuen, irakasleek eta administrazioko arduradunek arabiartzat jotzen zituztelako denak. Ez zitzaien batere erraza egin informazio hori eskuratzea.

Lehenengo eta behin, inkesta bat eman zitzaien ikasleei, nongoak ziren eta jatorrizko hizkuntza zein zuten galdetzen zuena: guzti-guztiek erantzun zuten marokoarrak edo arabiarrak zirela, eta jatorrizko hizkuntza arabiera zutela, batek ere ez zuen esan berberea zenik. Hala ere, datuek adierazten zuten berbere gehiago egon behar zirela, baina lotsatu egiten ziren beren benetako kultura-identitateaz, hura ezkutatzeko bezain beste. Orduan beste inkesta bat egin zuten, disimulatuagoa; hitzen zerrenda bat zen, eta beren etxean zein erabiltzen zituzten gehien galdetu zitzaien: katalaneko, berbereko eta arabierako hitzak ziren. Emaitza harrigarria izan zen: ikasleen %60k forma berberea hautatu zuen, hau da, berbereak ziren. Emaitza horietan oinarrituta, kanpaina bat egitea pentsatu zuen ikertzaile-taldeak, ikasleen begietan berbereari prestigioa emateko. Izan ere, uste zuten norberaren jatorria eta kultura ukatzeak ez dakarrela harreman positiboa inguru berriarekin. Alderantziz, jatorrizko kulturarekin harreman positiboa izatea garrantzitsua da kultura berrira hobeto egokitzeko.

Amelia Barquín. 2004

Arabieraz hitz egiten duten gainerako ikasleei dagokienez, landa aldekoen eta hirikoen arteko ezberdintasunak oso handiak izan ohi dira. Hirikoek eskolatze-maila handiagoa dute eta batzuk elebidunak dira, arabieraz gain frantsesa ere hitz egiten baitute. Maroko iparraldetik datozenen artean, iparraldeko hirietatik datozen ikasle askok espainiera apur bat ezagutzen dute, Espainiaren eragin historikoaren eta komunikabideen ondorioz.

Gauza bera gertatzen da jatorri sahararra duten ikasleekin. Izan ere, harreman handiagoa izan dute eta izaten jarraitzen dute espainiarrez hitz egiten dutenekin, borondatezko lankideen bitartez edo inoiz udalekuetan egon direlako. Horren ondorioz, nahiko sarri maila apur bat izaten dute gaztelania eta/edo frantsesa hitz egiteko.

Frantziaren eragin historikoa dela-eta, arabieraz gain, aljeriarrek gehiago dakite frantsesa gaztelania baino, eta hirietatik badatoz, ohitura islamiarren eragin gutxiago izaten dute. Aljer hiriburutik datozen ikasleen kasuan, frantsesa oso garrantzitsua izan da euren hezkuntzan, eta gaztelaniaren ahaidea eta antzekoa denez, lagungarria izaten da bigarren hizkuntza ikasteko orduan.

Kontuan hartu beharreko beste alderdi bat da beren jatorrizko eskolek sistema eta irakasle zorrotzagoak zituztela oro har, eta irakasle gehienak gizonezkoak zirela (6. kapitulua ikusi). Ikusi denez, nagusiak diren ikasleek eta Marokon eskolatuta egon direnek zailtasunak dituzte oro har eskola-ingurune lasaiago batera egokitzeko, edo irakasleak askotan emakumezkoak izatera moldatzeko.

Talde horrek ikasketetan gora egiteko itxaropenari dagokionez, bozeramaileen iritziak ez dira oso baikorrak, kontra dituzten faktore ekonomiko eta tradizionalengatik. Alde zaharreko imanaren arabera, beraren herrialdean hezkuntza ez da balioesten gure gizarteak erabiltzen dituen parametroekin. Guraso askok ere heziketa oso eskasa jaso dute, eta askotan garrantzi gehiago ematen diote lan baten interesari (edo beharrari), ondo ordainduta ez egon arren, seme- alabek ikasten jarraitzeari baino. Gasteizko SOS Arrazakeriako kide Fede Garcíak ikuspuntu linguistikotik erakusten

du desabantaila hori: “Kasu batzuetan, aita izaten da familian hizkuntza dakiena, norbait egonez gero. Amek hemengo hizkuntza ez dakite edo oso gutxi dakite, eta eurek dira seme-alabekin harreman handiagoa izaten dutenak. Beraz, ezin diete seme-alabei lagundu ikasketetan”. (Elkarrizketa pertsonala)

Muga horren beste ondorio bat da eskola-bizitzan gutxiago parte hartzen dutela, eta ez direla modu egokian arduratzen seme-alaben hezkuntzaz. Beraz, interesatzen zaien gauza bakarra seme-alabak ahalik eta arinen lanean hastea da.

Gainera, neskek batzuetan (eta ez mutilek) ikasketak uzten dituzte amari etxeko lanak egiten eta neba-arrebak zaintzen laguntzeko.

3.3.5.3. Beste talde minoritario batzuk

Proportzio ezberdinean banatuta dauden ondoko talde minoritarioen artean, kopuruaren aldetik garrantzitsuenak honakoak dira, ordenan: ekialdeko Europakoak, portugesez hitz egiten dutenak, Sahara azpikoak eta jatorri asiarra dutenak, gehienak txinatarrak.

Europako ekialdeko herrialdeetatik datozen ikasle gehienak Errumaniatik datoz. Horiez gain, bulgariarrak, ukraniarrak eta errusiarrak ere badaude. Ikasle horiek hizkuntza ikasteko orduan, garrantzitsua da hizkuntza biak hurbil egotea, esaterako, ikasle errumaniarren kasuan, abantaila bat da-eta. Hala ere, gehienek hezkuntza-desfase nahiko handia dute.

Telebistako foiletoien eragina

Anekdota gisa, esan daiteke irakasleren batek igarri duela ikasle errumaniar batzuek desfase harrigarria dutela gaztelaniaren idatzizko eta ahozko ulermenaren artean, eta ahozko ulermena askoz hobea dutela. Haren arabera, telebista errumaniarrak eurrez, eta, oso garrantzitsua, bikoiztu gabe, ematen dituen Hegoamerikako telebistako foiletoiak ikusten dituztelako gertatzen da hori.

Herrialde eslaviarretatik datozen ikasleei kontrakoa gertatzen zaie. Izan ere, hango idazkera zirilikoa denez, zailtasun gehiago dituzte idazten ikasteko. Zailtasun hori orekatu egiten da kasu gehienetan, euren herrialdeetan eskolatzea askoz eraginkorragoa izan zelako. Askotan aipatzen da oso ondo prestatuta daudela kalkulu matematikorako eta ingeleserako. Hainbat irakasleren iritzien arabera, lizentziatutakoen edo goi mailako ikasketak dituztenen ehunekoa handiagoa da ikasle horien gurasoen artean.

Hispanoamerikarren antzeko kultura-ezaugarriak dituzte portugesez aritzen diren ikasleek, baina hizkuntza ezberdina denez, ikasteko zailtasun handiagoa dute. Zailtasun hori handiagoa da Brasildik datozen ikasleen kasuan. Itsasoaz bestaldeko ikasleek ezaugarri fonetiko markatuagoak (bustidurak eta sudurkaritasuna) dituzte penintsulako ikasleek baino. Dena dela, beharbada horiek gehiago entzun izan dute gaztelania, hurbiltasun geografikoagatik eta gaztelaniaz aritzen diren komunikabideen eraginagatik.

Edozelan ere, Portugaldik datozen ikasleen artean ere aipatu dira erdi-alfabetatutako ikasleen kasu batzuk. Horren arrazoia ikasketen jarraitasun eza izan da, lana ematen zuten hainbat lekutara joaten zirelako familiarekin, eta lan gehienak aldi baterako nekazaritza-lanak ziren. Ikasle horietako batzuei hizkuntzaren fosilizazioa gertatu zaie (Colin Baker, 1997), batez ere eskola-sistemara berandu sartu direnean. Hizkuntzaren fosilizazioa hauxe da: komunikatzeko gaitasun-maila batera heltzen direnean, garapen fonetikoan gelditzea, eta garapen hori hizkuntza bien arteko tarteko leku batean geratzea.

Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, kopuruaren aldetik gutxiengo immigrante txikiena osatzen dute jatorri afrikarra duten ikasle ez magrebtarrek, hau da, “Sahara azpiko” taldean sailkatzen direnek. Jatorri asko dituzte eta aipatzen diren herrialdeak oso ezberdinak dira ikastetxe batzuetan eta beste batzuetan: Boli Kosta, Ekuatore Ginea, Sierra Leona, Nigeria, etab. Zaila da herrialde horietatik datozen guztiek dituzten ezaugarriak aipatzea. Beste talde batzuetan ez bezala, beren ama hizkuntzek ez dute loturarik, eta lehenago hezkuntza jaso izan dutenean, nahiko urria izan da.

Ikasle batzuk elebidunak dira; ama hizkuntza eta ikasitakoren bat hitz egiten dituzte. Beraz, ikasle horiek, eta euren gurasoak, frantsesez edo ingelesez komunikatu daitezke, batzuk hobeto beste batzuk baino, jatorrizko herrialdearen arabera. Datu interesgarria da hori familiak hartzeko eta ikastetxeko bizitzetan parte hartzeko, normalean eurekin komunikatu daitezkeen irakasleak egongo direlako. Hala ere, ohikoena beste hizkuntza batzuk hitz egitea da eta, askotan, hizkuntza edo dialekto bat baino gehiago jakitea.

Jatorri asiarra duten ikasleei dagokienez, eskola guztietan ez daude kopuru berean, eta ikastetxe batean ere ez daude asko. Jatorri indiarreko ikasle batzuk daude hiriburuan D ereduan, eta Errioxako aldean jatorri pakistandarra duten beste ikasle batzuk daude. Horiek alde batera utzita, txinatarrak dira jatorri asiarra duten ikasle gehienak. Ez dugu hitz egiten dituzten hizkuntzen gaineko datu zehatzik, baina euren artean komunikatzeko mandarina erabiltzen dute, nahiz eta Txinan dauden berrehun hizkuntza edo dialektoetatik beste bat ere hitz egin.

Hizkuntza ikasteko orduan, jatorri asiarra duten ikasleak dira zailtasun gehien dutenak. Familiarekin harremana izaterakoan dauden arazoetan ere ageri da zailtasun hori. Ikasle horien gurasoetako askok ozta-ozta hitz egiten dute hizkuntza ofizialetako bat, batez ere txineraz hitz egiten den lekuetan egoten direlako.

Lanarengatik edo diruagatik dira immigranteak, baina jatorri txinatarra duten ikasleen sektorea bitxia da. Lana bilatzera etorri diren arren, lan hori beti egiten dute beren jatorrizko taldearekin lotuta dauden jardueretan. Hortaz, beste hizkuntza batzuk hitz egiten dituzten taldeekin harreman gutxi dute, eta ez daude oso gizarteratuta.

Irakasleen arabera, ikasle-talde hori da gizarteratze-maila txikiena duena. “Oso zaila da ikasle txinatar bat euskal dantzen talde batean sartzea”, azaldu zuen era grafikoan irakasle batek, bere iritzia emanez. Gehienek uste dutenaren arabera, beren ardura nagusia hizkuntza ikastea da, familiaren negozioan lan egin ahal izateko.

Gero, Bigarren Hezkuntzatik aurrera, ikasle guztiak lanean hasten dira, ingurukoek eskaintzen dizkieten lanpostuetan, hau da, jatorri txinatarreko komertzioan edo ostalaritzan.

Komunitateen artean dagoen harreman falta hori ikusten da txineraren interpreteak bilatzerakoan. Aipatzeko datua da Arabako ikastetxe bakarrean dagoela txinerako interpretea, Jesús Obrero zentroan.

Anaia “itzultzailea”

Jesusen lagundiak duen ikastetxe profesionalean Kongregazioko anaientzako egoitza dago, eta hantxe bizi dira erretiroa hartu duten kideak edo egun batzuetarako daudenak, munduko beste leku bateko zentroetakoak direnak.

Horixe da Ellakuria Aitaren kasua, Gasteizko ikastetxe profesional bati izena ematen dion eraildako erlijiosoaren anaia. Ellakuria Aitak Txinan eman zuen zerbitzua urte askotan, eta hango hizkuntza ikasi zuen.

Ikasle txinatar bat ikastetxera heldu zen egun batean, bere hizkuntzan hitz egin zion –beste hizkuntza eta dialekto batzuen artean, milioika txinatarrek hitz egiten duten txinera mandarina– eta umeak ezin zuen sinetsi irakasle bat egon zitekeenik, txinatarra izan gabe bere hizkuntza hitz egin zezakeena.

Ellakuria Aita erretiroa hartu duen irakaslea da, eta txineraz gain beste hainbat hizkuntza hitz egiten ditu. Erretiratuta dagoen arren, itzultzaile-lanak egiteko prest agertzen da beti: txinera-euskara, txinera-gaztelania eta beste hizkuntza batzuk. Orain arte, txineraz dakien Arabako irakasle (ohi) bakarra da.

Ikasle horien ezaugarria da eragin oso gutxi, batere ez esateagatik dutela diziplinarekin lotutako gatazkei buruz zuzendariek esaten dituztenetan. Hala ere, hainbat hezkuntza-arduradunek aipatu egin dituzte eskolara ez joateagatik ikasle batzuek sortzen dituzten arazoak, batez ere nagusiek. Izan ere, familiaren negozioetan lan egiteko deitzen diete gurasoek ezustekoak sortzen direnean eta, batez ere, bertako hornitzaileekin interprete-lana egin behar dutenean.

Alde positiboa begiratuz gero, ikasteko duten jarrera ona nabarmentzen dute gutxiengo horri buruz hitz egiten dutenean, haien eta gure sistema linguistikoen artean alde handiak egoteak zailtasunak dakartzan arren. Askotan aipatu dute erraztasuna dutela matematika ikasteko, eta arlo horretan lagundu egiten dietela eskolako kideei.

3.4. IKASTETXEKO HEZKUNTZA PLANAK HAUR ETA LEHEN HEZKUNTZAN

In document MUGARIK GABEKO ESKOLA U (página 81-85)